Graduatzaile atxiki honek ez du (ezta -ago edo -en atzizkiek ere), normalean, arazorik sortzen ez adjektiboekin (handiegi, politegi...), ez adberbioekin (ondoegi, gaizkiegi...): lexemari arazorik gabe lotzen zaion atzizkia da. Baina auzia dago -egi atzizkia atze(ra), aurre(ra), barru(ra) eta abarri lotzean. Tradizioko agerpenen maiztasunetan, aurreren kasuan, esate baterako, aurreraegi, aurreregi, aurregi, aurreegi, atzeraegi formak ageri dira... Gaur-gaurkoz, Euskaltzaindiak ez du ezer erabaki horien gainean.
KALKOA. -egi dela eta, bada berariaz aipatu beharreko kalko desegoki bat, azken urteotan asko ugaldu dena. *Ez dut kezka gehiegi(rik) horretaz esaldia da joera horren isla. Ondo dago gehiegi ez kezkatzea (hots, behar baino gehiago, egoki den neurritik gora), baina ez da hori esan nahi hor. Hauetako bat adierazi nahi da: Ez dut kezka handirik horretaz (kezkaren neurria) edo Ez dut kezka askorik horretaz (kezken kopurua). Molde horretakoak dira beste kalko hauek ere: *Ez dakit gehiegi (> Ez dakit asko(rik)). *Ez dut gogo gehiegi (> Ez dut gogo handirik / gogo askorik). *Ez zait gehiegi interesatzen (> Ez zait asko interesatzen). *Ez da ondoegi moldatzen (> Ez da ondo moldatzen). *Ez dut gertuegitik jarraitu (> Ez dut (oso) gertutik jarraitu). *Ez zuen aldaketa handiegirik ekarri (> Ez zuen aldaketa handirik ekarri). Erreparatu aldeari: Ez du gehiegi jan ≠ Ez du [gauza/ezer] askorik jan. ;
EUSKALTZAINDIA (1993). Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna. Bilbo: Euskaltzaindia (146-147).
— “Graduazioa adieraztea: -egi (aurreraegi/atzeraegi)”, Jagonet galde-erantzunak.
GARZIA, Juan (2005). Kalko okerrak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (40).
PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (160).