Euskalkien arteko aldea da —Heg./Ipar.— denetik (danetik), denetarik (orotarik) eta denetatik izenordainen artean dagoena, baina baliokideak dira, eta horiek dira egokiak (es) ‘de todo’ edo (fr) ‘de tout/toutes’ esateko. Adibideak: Alegia, Parisen ere badela denetik. Denetik emango dizu gogotik eta ausarki. Denetarik baitago Euskal Herrian, Galizian edo nonahi bezala, bizkorrik eta tontorik. Denetarik ikus daiteke azokan. Denetatik, jende arrunta gehiena. Hemen ere emango genien bada; nahi bazuten Rioja, nahi bazuten Jerez; danetatik daukagu.
Denetatik eta denetarik (eta guztietatik eta guztietarik), berriz, pluralak eta izen baten eskuinean erabiltzen diren izenondoak ere badira. Eguzkiak argi egiten duen leku guztietatik/denetatik/guztietarik/denetarik etorriak. Apaiz daiteke bat bertatik, ordena-maila guztietatik/denetatik/guztietarik/denetarik igaro gabe? Jainkoaren adiskidea banaiz, seguru nago arerio guztietatik/denetatik/guztietarik/denetarik.
Denetik ez da erabiltzen izen baten ondoan (denetik honek ez du zer ikusirik noski denborazko perpausetako denetik formarekin: denetik = den unetik).