Hiru izen hauen adieraren muga-ertzak zedarritzea ez da erraza eta erabatekoa askotan.
Bizia kontzeptu biologikoa da gehienbat: bizia galdu, bizia kendu, bizia eman, bizia barkatu... Noiz agertu zen bizia Lurrean? Baina ez da biologiko hutsa, ‘bizitza’ (‘bizialdia’) adiera ere badu-eta tradizioan: Bere bizi guztian. Ehun urteko bizi zoriontsua.
Bizitza kontzeptu kronologikoa da batez ere (‘bizialdia’): Bizitzan igarotako nekeak. Napoleonen bizitza. Jaiotzatik heriotzara, bizitzako egun guztietan, zintzo jokatu zuen...; baina baditu beste adiera hauek ere: a) ‘bizia’: Bizitza jokoan jarri; b) ‘bizimodua’: Bizitza gaiztoa utzirik; c) ‘etxebizitza’: Lehen, etxeetan, solairu bakoitzean bizitza bana zegoen.
Bizimodu hitzak bizitzeko modu edo bizibidea adierazten du: Eguneroko bizimodua iluna eta tristea iruditzen zaio. Bizimodua irabazteko, lan egin behar izan zuen. [EH]