Bi usadio daude etorkizuneko forma eratzeko: mendebaldean, -ko (eta -go) atzizkia gehituz aditz-partizipioari
, eta, ekialdeko euskaretan, -en gehituz. Biak dira zilegi, baina -ko formak du lehentasuna, berak du-eta usadiorik hedatuena.• -KO (edo -GO): lagunduko, ikasiko, ekarriko, zapuztuko, beteko... dira formak. Baina partizipioa -n letraz amaitzen bada, -go forma hartzen du: jango, izango, esango, irtengo, etab. Eta -l letraz amaitzen bada, -ko nahiz -go, biak dira zilegi (hilko/hilgo).
• -EN: partizipioa -n/-l letrez amaituriko aditzekin baliatzen da: jinen, ukanen, hilen, izanen, esanen, erranen, etab. Nolanahi ere, tradizio jakina eta mugatua duten aditzetan hartu behar da kontuan eta ez nahasi usadioak: ekialdeko adiztzat hartzen direnekin -en ongi dator, baina mendebaldeko tradiziokotzat soil-soilik hartzen ditugunekin ez hainbeste. Beraz, irten aditzaren kasuan, adibidez, hobe betiere irtengo erabiltzea irtenen baino. Eta, alderantziz, jinen eta ukanen hobe jingo eta ukango baino.
Zuberoako tradizio zaharrean bereziki, bokalaren ondotiko -ko atzizkiaren ordez -en ere ageri da tradizioan (ikusiren, galduren...). [85. araua]