IDAZKERA. Aurrizki denean, lotuta doa: autobiografia, autodefentsa, autodeterminazio, autodidakta, autogestio, autozerbitzu... Izen-elkarketa denean, honela eratzen dira (marratxoz zein marratxorik gabe): auto(-)argi, auto(-)gidari, auto(-)istripu, auto(-)salmenta, auto(-)alokairu, auto(-)stop...; baina bada salbuespenik ere: autobide, autoeskola, autokarabana. [EH]
MAILEGATZEA. Eratorpeneko bigarren elementua r- kontsonantez hasten den maileguetan ez da err- epentetikorik gehitu behar: autorregulazio, autorretratu, autorregistro, autorreportaje... (autoerregulazio, autoerretratu, autoerregistro, autoerreportaje...). Baina bigarren elementua mailegua ez denean, -err- egoki da: autoerrepikapen.
Maileguzko hitzei buruz hau gomendatzen du Euskaltzaindiak (Euskera 29, 1984, 269. or.): “(...) ez dute zertan a/e/i-rik hartu, aurretik elkarketa dela-eta jadanik beste bokalen bat daramatenean: Erreforma/Kontrarreforma”.