Ez dute esanahi bera, kalkoz sarri nahasten badira ere. ZENBAT (asko/gutxi) eta NOLAKOA (handi/txiki, luze/labur) galdetzaileak daude jokoan.
Batzuetan, ondo bereizten dira: su asko eta su handia, esaterako. Su asko bada, han eta hemen sortutako suez ari gara (ZENBAT su?); su handia bada, aldiz, bakarraz ari gara eta su hori handia (NOLAKO sua?) dela diogu.
Horrelako ezberdintasunik ez dago, ordea, beldurra, hotza, gosea, mina, tristura eta gisakoez ari garenean, horiek ez baitute ZENBAT onartzen (zenbat beldur?), NOLAKOA baizik (nolako beldurra?); ez dute kantitatea adierazten, intentsitatea baizik. Beraz: *beldur asko, *hotz asko, *lotsa asko, *gose asko, *min asko... (> beldur handia, hotz handia/itzela, lotsa handia/ederra/gorria/galanta, gose handia, min handia...).
Nolanahi ere, araua ez da hain estua kontrakoa denean: ez da ke txikia, baizik eta ke gutxi; orobat, ke handia / ke gutxi, maitasun handia / maitasun gutxi, beldur handia / beldur gutxi, lotsa handia / lotsa gutxi, gogo handia / gogo gutxi...
EUSKALTZAINDIA (1991). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak I (EGLU I). Bilbo: Euskaltzaindia (145-146).
EUSKALTZAINDIA. “Kuantifikazioa adieraztea: gutxi (bero, gogo, maitasun, gorroto)”, Jagonet galde-erantzunak.
GARZIA, Juan (2005). Kalko okerrak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (41-43).