Hitz berriak osatzeko (batez ere izenlagunak), baliagarritasun handiko osagaia da latin-erroko inter- aurrizkiaren ordain gisa. Euskaltzaindiaren Hiztegian, adjektibo hauek ageri dira, besteak beste: anaiarteko, bokalarteko, diziplinarteko, eskolarteko, estatuarteko, familiarteko, herriarteko, hiriarteko, kulturarteko, lagunarteko, marearteko, nazioarteko... Hiztegi nagusietan hauek ere ageri dira: departamentuarteko, espeziearteko, galaxiarteko, izarrarteko, klasearteko, lerroarteko, ozeanoarteko, saihetsarteko, sailarteko, zelularteko...
Dena den, euskarak dituen beste aukerak ere ezin dira baztertu (esate baterako, joskeraz baliatzea): kulturarteko edo kulturen arteko / kultura arteko; sailarteko / sailen arteko...