Elkarren ondoan doazen bi izen edo izen-sintagmak osaturiko unitate sintaktikoa da aposizioa. Adibidez, Anboto mendia, izeba Alaitz, askatasun kontzeptua, X izpiak.
- Aposizioa izen-sintagmaren barneko izenen artean egiten denean, kasu-marka sintagmaren amaieran doa —izen-sintagma bakarra da— [109. araua]:
{Ebro ibai}ak
{Anjel Lertxundi idazle}ari...
{Edurne Mendiluze Unibertsitateko errektoreorde}ak aurkeztu du txostena.
{Unibertsitateko errektoreorde Edurne Mendiluze}k aurkeztu du txostena.
{Unibertsitateko *errektoreordea Edurne Mendiluze}k aurkeztu du txostena.
{Nire matematika-irakasle Fermin Garro}ri ez diote eman lanpostua.
Hala ere, mugatzailea izenaren beraren osagai duten izen bereziek —Antso Azkarra edo Pernando Amezketarra bezalakoek, alegia— gorde egiten dute hura aposizioan ere: Antso Azkarra errege ausartari (*Antso Azkar errege ausartari) . Berdin gertatzen da Bizkaia probintzia gisakoetan ere (*Bizkai probintzia). Hala ere, Bizkai berdea eta Bizkai osoa dira, aposiziorik ez dagoenez.
- Aposizioa bi izen-sintagmak egiten dutenean, biek daramate kasu-marka:
{Edurne Mendiluze}k, {Unibertsitateko errektoreorde}ak, urteko txostena aurkeztu du.
{Unibertsitateko errektoreorde}ak, Edurne Mendiluze}k, urteko txostena aurkeztu du.
{Nire matematika-irakasle}ari, {Fermin Garro}ri, ez diote eman lanpostua.
Saihestekoak dira desbideratzeok:
{Edurne Mendiluze}, {Unibertsitateko errektoreorde}ak, urteko txostena aurkeztu du.
{Unibertsitateko errektoreorde}ak, Edurne Mendiluze}, urteko txostena aurkeztu du.
APOSIZIOA ETA GALDEGAIA. Aposizioa bi sintagmatan egiten den kasuan, sintaktikoki ez da egokia bigarrenak galdegaiaren tokia hartzea, etena eragiten baitu galdegaiak eta aditzak osatzen duten intonazio-segidan. Hala gertatzen denean, estilo-liburu gehienen ustez, hobe da beste irtenbide bat hautatzea, hala nola :
- Sintagma bakarreko aposizioa egitea:
Urteko txostena {Edurne Mendiluze Unibertsitateko errektoreorde}ak aurkeztu du.
Urteko txostena {Unibertsitateko errektoreorde Edurne Mendiluze}k aurkeztu du.
- Aposizioa atzera eramatea:
Urteko txostena {Edurne Mendiluze}k aurkeztu du, {Unibertsitateko errektoreorde}ak.
Urteko txostena {Unibertsitateko errektoreorde}ak aurkeztu du, {Edurne Mendiluze}k.
?Gizon bat, antzinako arropa dotorez jantzia, ikusi nuen geltokian (> Gizon bat ikusi nuen geltokian, antzinako arropa dotorez jantzia).
?Datorren urtean Siziliara, amaren sorterrira, joango gara (> Datorren urtean, Siziliara joango gara, amaren sorterrira).
- Marra luzeez edo parentesiez baliatzea
:?Gizon bat, antzinako arropa dotorez jantzia, ikusi nuen geltokian (> Gizon bat —antzinako arropa dotorez jantzia— ikusi nuen geltokian).
?Datorren urtean Siziliara, amaren sorterrira, joango gara (> Datorren urtean, Siziliara —amaren sorterrira— joango gara).
EUSKALTZAINDIA. “Aposizioak: Axularrek, nafar idazle finak / *Axularrek, nafar idazle fina”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Aposizioak: ziurtagirietan”, Jagonet galde-erantzunak.
PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (195-196).
EHUko Euskara Zerbitzua (2013). "Aposizioa", Ehulkuren aholku guztiak.
ALBERDI, Xabier, SARASOLA, Ibon (2001). Euskal Estilo Libururantz. Bilbo: UPV/EHU (217-222).