AHOSKERA. Hizkera zainduan, bai s, z, bai ts, tz pareak ondo bereiztera jo behar da: [esker/ezker], [(h)esi/(h)ezi]; [atso/atzo], [(h)ots/(h)otz]. [87. araua]
GRAFIA. Bi digrama hauek ez dira hitz-hasieran agertu ohi euskal jatorriko hitzetan (tx- bai). Dena dela, maileguzko hitzetan ts- ager daiteke hitzaren hasieran (tsarismo, tse-tse euli, tsunami...); eta tz- digrama tzar hitzean (eta haren eratorrietan: tzarkeria, tzartasun, tzartu) eta zubererazko tzarraka (zaparrada) hitzean ageri da.
Biak ondo bereiztea ezinbestekoa da, alde semantikoa nabaria baita bata zein bestea izan: atzo/atso, etzi/etsi, hotz/hots, hitz/hits, ametz/amets, hatz/hats, latz/lats, utz/huts... Ez dago arau zehatzik emateko noiz den bata eta noiz bestea, eta, hortaz, belarriz aldeari antzematen ez dionak buruz ikasi edo hiztegietan begiratu behar du.
On da gogoratzea, askotan, n, l, r letren ostean, s, z, x letrak ts, tz, tx idazten direla: agentzia, pentsatu, unibertsitate, kontseilu, kontsonante, altxa, altzo, martxo, kartzela... Hala ere, ez beti: insomnio, suspense, jansenismo, transistore, Persia eta persiar, Tanzania...
Baina alderantzizkoa ere gertatzen da: ts, tz horiek s eta z idazten dira aditzetan: huts/hustu, hotz/hoztu, kamuts/kamustu, aberats/aberastu, zehatz/zehaztu... [EH]
SALABURU, Pello, KINTANA, Xabier (1984). Euskara hobean hobe. Bilbo: UPV/EHU (19).