Puntu kardinalen nazioarteko sinboloak beti letra larriz erabiltzen dira, eta marratxoz lotzen zaie kasu-marka. Adibideak: NW (ipar-mendebaldea), SSE (hego hego-ekialdea), W (mendebaldea)...
Nazioarteko sinboloen ordez puntu kardinalen euskal izenetatik ateratako sinboloak erabiltzen badira, letra larriz idatzi behar dira haiek ere. Adibideak: iparr(alde)a = I; hego(alde)a = H; ekialdea = E; mendebaldea = M.
Puntu geografikoak koordenatu bidez emateko modua arauturik dago nazioarteko sisteman, eta euskaraz ere halaxe adierazi behar dira. Adibidez, hauek dira Bilboko Arriaga plazaren koordenatu geografikoak: 43° 15' 45'' N, 2° 55' 49'' W (irakurrita, «berrogeita hiru gradu, hamabost minutu, berrogeita bost segundo ipar; bi gradu, berrogeita hamabost minutu, berrogeita bederatzi segundo mendebalde»).
Euskaltzaindiak berariaz arautu gabeko jarraibideak dira horiek, baina horiek dira estilo-liburuetako ohitura nagusiak.
ETXEBARRIA, Jose Ramon (2011). Zientzia eta Teknikako Euskara Arautzeko Gomendioak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza. (92-93).
MUJIKA, Alfontso (2008). Letra larriak erabiltzeko irizpideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (71-72).