Hiztunak, galderetan, zalantza adierazteko (edo hura azpimarratzeko) erabiltzen duen partikula da. Aditz laguntzailearen eta era trinkoen ezkerrean ezartzen da. Galdera zuzenetan zein zehar-galderetan erabiltzen da. Eginkizuna ez du galdera markatzea, baizik eta zalantza-kutsua eranstea esanari. Mendebaldean ete forma erabiltzen da, baina Euskaltzaindiak ote gomendatzen du estandarrerako. Adibideak: Etorri ote da? Zer ikusi ote zuen? Ba ote da hau bezain gauza ederrik? Galdetu daiteke orain ea haren alde ote gauden ala kontra.
Aditza ezabaturik ere erabiltzen da ote: Atsotitz horien hizkera, nongoa ote? Hitz hori, Axularrena ote?
Isildutako aditza sintetikoa bada eta aditzaren baietza bada galdegaia, nahitaezkoa da ba jartzea. *Itxaropenik ote? (> Ba ote itxaropenik? / Itxaropenik ba ote?) [EH]. Bestelakoa da ‘bai ote?’ esapidea.
Otek, zenbaitetan, hala ere, ez du zalantza adierazten. Gerta liteke:
• Erabat erretorikoa izatea (ez du erantzunik espero, edo begi-bistako erantzuna du). Zergatik ote naiz honen tontoa?
• Harridura, enfasia eta ironia adieraztea: Zenbat bertso ez ote zituen jarri Basarrik! Isilduko ote da noizbait...
Sintaktikoki, predikatu batzuekin, -(e)la perpaus baten tokia har dezake otek, <ote... -(e)n> egitura duela: Bera ote den nago. Iruditu zait sartu ote den.
EUSKALTZAINDIA (1991). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak I (EGLU I). Bilbo: Euskaltzaindia (343).
—(1987). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak II (EGLU II). Bilbo: Euskaltzaindia (515-516).
—(1999). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak V (EGLU V). Bilbo: Euskaltzaindia (106-107).
PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (39-41).