Joko berezia dute, nolabait, espaziozko erlazioa adierazten duten izen batzuek, -n, -ra, -tik eta -ko kasuetan: aitzin, alde, atze, aurre, azpi, barne, barru, gain, gibel, goi, ondo, oste, pare eta halakoek alegia.
Horietaz, ohar hau dator Euskaltzaindiaren Hiztegian: ‘Lekuzko testuinguruan, dagokion izen-sintagmak -en atzizkia hartzen du, baina bizigabe bati badagokio eta eskuinean adjektiborik ez badu, atzizkia eta mugatzailea gal ditzake’ [EH]. Beraz, erabilera-ohiturak diferenteak izanik ere, hauek dira moldeak, zuzenak eta okerrak:
Etxe ondoan nengoen = Etxearen ondoan nengoen. Zure ondoan nengoen (*Zu ondoan nengoen). Elkarren ondoan geunden (*Elkar ondoan geunden).
Zarautz ondoan dago Getaria = Zarautzen ondoan dago Getaria.
Udaletxe atzetik nator = Udaletxearen atzetik nator. Udaletxe berriaren atzetik nator (*Udaletxe berri atzetik nator). Zure atzetik nator (*Zu atzetik nator).
Aulki azpitik azaldu da = Aulkiaren azpitik azaldu da. Hodei guztien azpitik (*Hodei guzti azpitik). Nire azpitik azaldu da (*Ni azpitik azaldu da).
Eskola atzeko baratzean dago = Eskolaren atzeko baratzean dago. Eskola berriaren atzeko baratzean (*Eskola berri atzeko baratzean). Zure atzeko aulkian dago (*Zu atzeko aulkian dago).
Kale aldera ematen du = Kalearen aldera ematen du. Kale nagusiaren aldera ematen du (*Kale nagusi aldera ematen du). Hire aldera etorri duk/-n (*Hi aldera etorri duk/-n).
EUSKALTZAINDIA (1991). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak I (EGLU I). Bilbo: Euskaltzaindia (303). ).
—(2002). Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna. Bilbo: Euskaltzaindia (159). ).
— “Lexikoa: ondoan (Zarautz ondoan, Zarautzen ondoan)”, Jagonet galde-erantzunak.