Nahiko(a) eta samar ez dira erabat sinonimoak. [EH]
• Kokaguneari dagokionez, samar beti doa adjektiboaren edo adberbioaren ondoren; nahiko(a), berriz, haien aurrean. Berandu samar etorri da. Ergel samarra da. Nahiko(a) berandu zen bazkaltzeko. Nahiko(a) ergela da.
• Nahiko(a) zenbatzailea ere badenez, izenei lagunduz ager daiteke: Nahiko(a) diru bildu dut. Baina samar, ez.
• Esanahiaren aldetik ere badute ezberdintasun-mailaketa bat, euskaldun askoren erabileran: nahikoa esaten duenak zerbait gehiago, zerbait positiboagoa, esaten duela dirudi samar hitzez baliatzen denak baino. Adibidez, Zer moduz egin duzu lo? galderari Nahikoa ongi erantzuten dionak Ongi samar erantzuten dionak baino zerbait positiboagoa erantzuten duela dirudi. Era berean, nobela bat on samarra dela esatea badirudi nahikoa ona dela esatea baino zertxobait gutxiago esatea dela.
• SAMARTU. Samar adberbiotik eratorria da samartu aditza. Ezkerrean beste aditz bat duela erabiltzen da, eta aspektu burutuan beti. Aditzekin biak erabil daitezke, nahikoa eta samartu, baina esanahia ez da berdina: nahikoa jan dut (‘ez dut gehiago behar’) / jan samartu dut (‘ia dena jan dut’) // nahikoa egin dut (‘ez dut gehiago egin behar’) / egin samartu dut (‘ia-ia bukatu dut’).
EUSKALTZAINDIA (1991). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak I (EGLU I). Bilbo: Euskaltzaindia (183).
EUSKALTZAINDIA. “Graduazioa/kuantifikazioa adieraztea: samar eta nahiko(a)”, Jagonet galde-erantzunak.
EUSKALTZAINDIA. “Graduazioa adieraztea: samar/samarra/samartua/samartuta ”, Jagonet galde-erantzunak.