Euskara Batuaren Eskuliburua

j letra (jota)

j letra (jota)

AHOSKERA. Ahoskera zainduan, j letraren ahoskera oinarrizkoa [y] da: jaia [yaya], jaio [yayo], jakin [yakin], jan [yan], jaso [yaso], jendarme [yendarme], jende [yende], Josu [yosu], jota [yota]... [87. araua]

 

Badira, hala ere, inongo euskalkitan [y] ahoskatzen ez direnak, eta, beraz, salbuespen gisa, beste ahoskera bat dagokienak euskara estandarrean ere. Euskaltzaindiaren oniritzia duen Hezkuntza Saileko EIMAren estilo-liburuak dakartza, besteak beste, jarraibide hauek:

a) -aje amaiera duten hitzak ez dira berdin ahoskatzen Hegoaldean eta Iparraldean, eta inon ez dira [y] ahoskatzen. Hegoaldean, [x] ahoskera belarra dute (es: jamón bezala), eta Iparraldean, berriz, [Ʒ] ahoskera sabaiaurrekoa (fr: jambon bezala): adaje, bisaje, engranaje, fuselaje, garaje, ilaje... ( -aia/-aje)

b) Badira Hegoaldeko hitz batzuk gaztelaniazko ahoskera belarra [x] ((es: [jamón] bezala) dutenak beti:

aje (ondoez, akats, bestondo), almeja (itsas molusku), alproja (alfer, pikaro), antiojo (betaurreko), antoju (apeta/nazka), aparejadore (arkitekto tekniko), apareju (aparailu), azuleju (adreilu-mota), bentaja (abantaila), borraja (landare-mota), dejada (pilota-jokoko jokaldi), erloju (ordulari), errejidore (zinegotzi, Hist.), esajerazio (gehiegikeria), esponja (belaki), gajo (gaixo, errukarri), forja (burdin jotze), hereje (heretiko), ijito (buhame), jela (izotz, horma), jenio (aiurri), jertse (trikota), jipoi (zafraldi), jira (bira), jota (kantu zein dantza, baina ez alfabetoko letra), kalejira (biribilketa), majo (bapo, ederki), kojo (herren), koneju (untxi), kontzeju (udal edo auzo-batzar), korrejidore (erregearen ordezkari), mejoratu (hobetu), moja (lekaime), mondeju (hestebetea), paje, traje (jantzi-mota), zirujau, etab.

Horietako batzuek Heg. marka daramate Euskaltzaindiaren Hiztegian. Molde horietakoen artean dago bejon- esapidea ere (bejondeizula...). ( bejon-)

 

Atzerriko izenen kasuan, arautua dago (158. araua, «Kanpoko leku-izenak euskaraz ahoskatzeko irizpideak»]. Jatorrizko grafiaz idazten badira, jatorrizko ahoskeraz ahoskatzea da arau orokorra. Badaude aldeak (esaterako, gaztelaniazko Jaen, Guadalajara, Badajoz eta antzekoak, zeinak [x] ahoskatzekoak baitira; eta badira bestelako batzuk ere, baina  molderik estandarrena [y] balioa da, euskarazko [yon, yadanik] bezala: Abuja, Anjou, Jena, Jersey, Jura... ( atzerriko izenen eta hitzen ahoskera)

 

IDAZKERA. Hitz mailegatuak. Forma bat baino gehiagotara moldatu izan ditu eta moldatzen ditu euskarak, eta, sarritan, hiztegiz finkatzekoak dira. Hala ere, sail nagusi batzuk taxutu daitezke (ikus sarrera hau ere ( g letra (ge)):

a) Kontsonante baten atzetik bada, j idazten da (subjektu, adjektibo, objektu, objekzio, subjuntibo, adjazente, adjuntu, disjuntu, injektibo, konjuntzio, aljebra...).

b) Bokal artean:

batzuek i egiten dute (horietan, es: y, eta fr: j): proiektu, proiekzio, proiektatu, proiektibo, eiakulazio...

badira x bihurtuak ere: fluxu, konplexu, luxu, baxu, paradoxa, kaxa, kexa...

• sail berezi bat osatzen dute -aia/-aje atzizkidunek: masaje, erreportaje, ilaje, lumaje... ( -aia/-aje)

asko dira j egiten dutenak: (hitz arruntak) ajustatu, almeja, apareju, bentaja, bijekzio, bujia, erloju, esajerazio, imajinazio, kontzeju, mujahidin, ojibal, pijama, torloju...; (leku-izenetatik eratorriak) sarajevoar, tajikistandar, castejondar, azerbajandar...

c) Hitz-hasierakoek ez dute zalantzarik eragiten: joule, juliotar, janbo...

 

Bada, azkenik, berariaz aipatu behar den beste arazo bat, j letra dela eta: euskal izen berezi batzuen idazkera okerra. Esaterako, Iosu eta Yosu idazkerak ez dira arauzko euskal grafiak; Josu da forma arautua, eta idazkera horri arestian aipatu dugun oinarrizko ahoskera dagokio: [y], alegia. Oinarrian soinu hori zuela XX. mendearen hasieran asmaturiko izena da Josu (Luis Eleizalde, Deun-Ixendegi euzkotarra obran jasoa. Bilbo, 1910). Ez da zuzena Yosu euskal izena erdal grafiaz —y— ematea ( letra); Iosu forma idatzia ere ez da egokia, ez baitu jasotzen euskal ahoskera-moldea [yo.su], baizik eta euskaraz ohikoa ez den ahoskera batera behartzen [i.o.su]. Beste hauek ere arazo bera daukate, eta grafia-forma desegokiak dira gorriz daudenak: *Ion/*Yon, *Ione/*Yone, *Iulen/*Yulen, *Ioseba/*Yoseba, *Iasone/*Yasone... Honela dira: Jon, Jone, Julen, Joseba, Jasone... ( diptongoa)

 

Gehiago jakiteko

EUSKALTZAINDIA (1996). “Maileguzko hitz berriei buruz Euskaltzaindiaren erabakiak”. Bilbo: Euskaltzaindia.

ZALBIDE, Mikel (1994). “Maileguzko hitzen zenbait muga-arazo”, Euskera 39, 3: 1063-1085.

ALBERDI, Andres (2014). Ahoskera. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (24-25).

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako Atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Conde Oliveto, 2. 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper