aditz trinkoak (sintetikoak)

aditz trinkoak (sintetikoak)

Hitz bakar batez osaturikoak dira adizki trinkoak (nator, dakart...), aditz laguntzailerik gabekoak; besteak perifrastikoak dira, eta aditz laguntzailea dute. Hipotesi onartuenaren arabera, aditz trinkoak dira zaharrenak (gaur baino askoz ugariagoak dira testu zaharretan aditz trinkoak); perifrastikoak gerora sortuko zituen euskarak, hizkuntza erromantzeen antzera (euskarazko esaldi ezagun zaharrenak izioki dugu eta guek ajutu ez dugu dira, baina ez dago argi aditz perifrastikoak diren edo beste zerbait diren). Mendeen ibilian, aditz trinkoen erabilera bakanduz joan da.

 

Batasunari begira, 1977an onartu zituen Euskaltzaindiak euskal aditz trinko edo sintetikoak (Euskera XXII, 1977). Handik bi urtera (1979) argitaratu zen Euskal aditz batua liburua (http://www.euskaltzaindia.eus/dok/iker_jagon_tegiak/6833.pdf), eta han daude jasota, aditz laguntzaile osoarekin batera. Besteak beste, etorri, ibili, joan, egon..., eduki, eraman, ikusi, jardun, egin eta beste hainbat aditzen forma trinkoak daude bertan. Badira forma trinkoak bakarrik dituzten aditzak ere, eta horien artean daude, besteak beste, -di- (*edin) eta -za- (*ezan) aditz laguntzaileak ( *edin/*ezan/*edun aditzak), eta -io (‘esan’ esan nahi duena: hark zioen...) ( dion ≠ dioen, nion ≠ nioen, genion ≠ genioen, zenion ≠ zenioen). Badira liburuan jasoak tradizioko adizki trinko nahiko ezezagun batzuk ere, paradigmetan landu gabeak (181. orrialdean, hain justu). Guk, eranskinetan, erabilienen paradigma batzuk adierazi ditugu (516. or.).

 

ERABILERA OKERRAK. Forma arautuetako zenbaitetan okerbidera egiten da sarri. Hona hemen batzuk: *emaidazu (emadazu), *emaiguzu (emaguzu); *esaidak/n (esadak/n); *eramazak/n (eramak/n); *ekarridazu (ekardazu); *jakizak/n (jakik/n), etab.

 

ZERTZELADA AIPAGARRI BATZUK ( bedi; *On dagizula! > On (egin) d(e)(g)izula!)

 

AGINTERAKO FORMEN ARGIBIDEA. Arestian aipaturiko Euskal aditz batua liburuan ageri diren arauzko aditz trinko guztiak ez dira berez trinko-trinkoak; batzuk semisintetikoak, sasitrinkoak edo trinkotuak dira (hiru izen horiek erabiltzen dira aginterazko adizki perifrastiko laburtuei deitzeko). Hau da, berez, aditz perifrastikoak dira, baina erabiliaren erabiliaz higatuz joan dira, aditz trinkoen forma hartzeraino. NORK-dun adizkiekin gertatzen da hori. Forma trinkoak dira, esaterako, hauek: [ekarri] bekar, bekarte, bekartza, bekartzate, baina forma trinkotuak, beste hauek: ekartzak/-n, ekarriozu, ekarzkiozu... Orobat dira trinkotuak beste hauek ere: [eraman] eramazu, eramatzak/-n, eramazkiozu...; [esan] esadak/-n, esaguk/-n, esadazue...; [jakin] jakik/-n, jakizu...; [eman] emadak/-n, emaiozu...; [egin] egiguk, egiozu...; [utzi] uztazu... Ezaugarri morfologiko-historiko horiek gorabehera, arauzko forma trinko homologatuak dira trinkotuenak ere.

Euskal aditz batua liburuko tauletan ageri ez diren formetan (begiratu aditzaren begiraiozu forma, esate baterako; edo erakutsiren erakustak, edo kontaturen kontaidazu, edo ulerturen ulertuidan eta gisakoetan) edo zalantzazkoetan, forma perifrastikoa erabiltzea da aukera segurua (begira iezaiozu, erakuts iezadazu, konta iezadazu, uler iezadan).

Forma trinkoa arauturik dagoenean hura hobesteko aukera egina dute estilo-liburu batzuek (esate baterako, Hezkuntzako EIMArenak), Euskaltzaindiak horretaz araurik eman ez badu ere. Esate baterako, egiozu kasu aukera lehenesten dute egin iezaiozu kasu aukeraren aldean.

ADIZKI TRINKO BERRIAK. Gaur egungo literaturan, neurtitzetan, filmen bikoizketan... badira, premiak eraginda, analogiaz sortutako zenbait adizki trinkoren forma berriak ere, Euskaltzaindiak arautu gabekoak eta tradiziorik gabekoak: darantzute, darakuste, daitort, damait, zemaien, zirudidan, nirudien, darakust, diragar, darantzu, zeragigun...; edota, arestian esan bezala, trinkotu askoren formak: begiraiozu, erakustak, erakutsidak/-n, kontaidazu, ulertuidan, komentaiezu...

Euskaltzaindiak horiek arautu ez baditu ere, horien erabilerari buruz, aski esanguratsua da gorago aipatu den Euskal aditz batua (1979) liburuan (181. or.) Euskaltzaindiak dioena, nolabait ere malgutasuna irizpide: “Euskal literaturan zehar beste zenbait aditz ere agertzen da forma sintetiko duenik. Aski ez-ezagunak direlako, ordea, eta beren oso forma gutxi agertzen direlako, ez ditugu paradigmak osatu izan, hau Euskaltzaindiaren egitekoa ez baizik gehienez ere gramatikarien eta euskal idazleena dela iruditzen zaigulako” (azpimarra gurea da). (http://www.euskaltzaindia.eus/dok/iker_jagon_tegiak/6833.pdf).

 

AGINTERA ETA EZETZA. Ez zaitez joan etxera / *Ez zoaz etxera. Ez ezazu hori egin / *Ez egizu hori. Adizki trinkoetan, aginterak ez du ezezkorik onartzen; perifrastikoetan, bai. ( agintera)

 

“JAKIN DAKIT” / “JAKIN(,) BADAKIT” formek duten aldea. Teorian, lehen kasuan (jakin dakit) aditza galdegai gisa hanpatua da. Bigarrenean (jakin(,) badakit), mintzagai gisa ageri da jakin, eta aditzaren baietza (ba-) da galdegaia (Esan dezagun bidenabar ‘jakin(,) badakit’ hori ez dela, beraz, 'badakit'-en aldaera dotorea). Testuetan, normalagoa da bigarren moldea. Lehen molde edo egitura bizkaieraren ezaugarria izan da (Altuberen lanaren ondoren batez ere, ez lehenago): ekarri dakar, entzun dantzu...; Etorri dator gure aita. ( hitzen ordena; galdegaiaren legeak)

 

ADITZ TRINKOA ETA ALOKUTIBOA ( alokutiboa)

 

ADITZ TRINKOA PERPAUSAREN HASIERAN? Literaturan (eta ahozko jardunean) badute oihartzuna honelako moldeek: Diot nik...”. “Gauza bat esan nahi dizuet, eta da...”. “Dio doktor honek ezen behin gizon zaindu batek...”. “Dio Jesusek...”. Hala ere, aditz trinko edo sintetikoa inolako partikularik gabe, perpausaren hasieran jartzea ez da oso ohikoa; normalean ba- aurrizki baieztatzailearen laguntza behar du. ( ere lokailua; galdegaiaren legeak)

Batasunerako ez da bereziki gomendiorik eman, baina badirudi egitura hedatuenak eta ohikoenak hartu beharko liratekeela eredu, horrelakoei ateak gehiegi ireki gabe. ( nago(...) -(e)la / eduki(...) -(e)la / nago(...) -(e)n; aditza esaldiaren hasieran?)

 

Gehiago jakiteko

EUSKALTZAINDIA (1993). Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna. Bilbo: Euskaltzaindia (253-268, 327 eta hur.).

—(1987). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak II (EGLU II). Bilbo: Euskaltzaindia (147 eta hur., 221 eta hur., 368-369).

— “Aditzaren jokabidea: agintera  (emadazu, eman iezadazu, ezidazu / ez iezadazu)”, Jagonet galde-erantzunak.

— “Aditzaren jokabidea: (trinkoak) eman (emadazu/*emaidazu, esaguk/*esaiguk)”, Jagonet galde-erantzunak.

— “Aditzaren jokabidea: trinkoak (emadak/*emaidak, uztak/utzizak, pasaidak/pasadak)”, Jagonet galde-erantzunak.

— “Aditzaren jokabidea: jakin (jakin badakit / jakin dakit)”, Jagonet galde-erantzunak.

— “Aditzaren jokabidea: (trinkoak) esan [-io] (diot nik…)”, Jagonet galde-erantzunak.

PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (203-204).

GARZIA, Juan (2005). Kalko okerrak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (60-61).

ALTUNA, Patxi, AZKARATE, Miren (2001). Euskal morfologiaren historia. Donostia: Elkar (151-162, 175-179).

ALBERDI, Xabier, SARASOLA, Ibon (2001). Euskal estilo libururantz. Bilbo: UPV/EHU (33).

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper