Loturik idazten da aurre- erdi-aurrizkia: aurrealde, aurreidazketa, aurreiritzi, aurrelan, aurrekontu, aurreikuspen, aurreproiektu, aurrezenbaki...
(Molde berean —loturik, alegia— moldatzen dira azpi- eta gain- duten izen-elkarteak ere).
Beti ez du balio pre- aurrizki latindarraren ordain gisa; esaterako, *aurredenboraldi, *aurrekanpaina, *aurrehistoria... ez dira egokiak. Beste aukera batzuk dira baliagarri horietan: denboraldiaurre, kanpainaurre, historiaurre...
Bigarren osagaia da elkartearen ardatza aurre- lehen osagai duten hitz elkartuetan; aurre- aurrizkiak lekua edo denbora ematen du aditzera: aurrealdea, “aurreko aldea”; aurreidazketa, “aurreko idazketa”; aurreirakurketa, “aurreko irakurketa”; aurreiritzia, “aldez aurretiko iritzia”... Beraz, “aurreko denboraldi” da aurredenboraldi hitzaren esanahia, eta hori ez dator bat adierazi nahi denarekin. [25. araua; EH]
EHUko Euskara Institutua (2012). "Aurredenboraldi”. “Aurrekanpaina", Kalkoen Behatokia.