Ohiturak ohitura, biak erabiltzen dira zenbaki gisa (bost eta huts, huts eta huts...; Zero bider zero berdin zero. Zero atera du azterketan. Hamar gradu hutsaren azpitik...), baina ez dira erabat sinonimoak: zero beti zenbakia da, baina huts hitzak beste esanahi eta adiera batzuk ere baditu. Beti huts berean erortzen da. Badu euskarak huts nabarmen bat, bederen. Halako huts bat sentitzen nuen bihotzean. [EH; 7. araua]
Zenbaki gisa bi hitzak zilegi izanik ere, azken hamarkadotan, zientzia- eta eskola-esparruan, ia erabatekoa da zeroren aldeko aukera; kiroletako emaitzak-eta ematean, berriz, huts da ohikoa eta erabiliagoa. Bi eta huts (2-0) irabazi dute gure neskek.
Zero(z) azpitik = zeropetik. Parekoak dira bi esapideak. Zeropeko tenperatura = zerotik beherako tenperatura = zeroz azpiko tenperatura.