Euskara Batuaren Eskuliburua

zenbaki kardinalak

zenbaki kardinalak

IDAZKERA. [7. araua]. Komeni da ohar batzuk egitea:

- Bost aldaera nagusiaren ondoan, bortz euskalki-forma ere erabiltzen da (Ipar. eta Naf.). Egoera berean daude hauek ere: hamabost, bostehun... / hamabortz, bortzehun...

- Hemezortzi aldaera nagusiaren ondoan, hamazortzi aukera ere ez da baztertzen.

- Hirurogei eta laurogei aldaera nagusien ondoan, badira ekialdean hiruretan hogei eta lauretan hogei gisako moldeak ere: hiruretan/lauretan hogei euro (= hirurogei/laurogei euro).

- Euskalki batzuetan milatik gorako zenbakiak ehunka ere konta daitezke: hamahiru ehun (mila eta hirurehun). Hamabi ehun eta hogeita hamalau (1.234).

- 2 zenbakia adierazteko bi ageri den arren, bada Iparraldeko biga era ere, bi zenbatzaileak izenordain gisa ari denean har dezakeen era (bat, biga, hiru). Ontzi bat, edo biga edo hiru. Bat dugunean, biga nahi ditugu; biga ditugunean, hiru. Baina *biga ikasle (> bi ikasle) eta kidekoak ez erabiltzea gomendatzen da, testuinguru horretan ez baita izenordaina, zenbatzailea baizik.

 

Hona hemen arauko kasu zalantzazkoen laburpena:

0 zero 20 hogei
2 bi (biga) 21 hogeita bat
5 bost (bortz) 25 hogeita bost
13 hamahiru 35 hogeita hamabost (hogeita hamabortz)
17 17 hamazazpi 70 hirurogeita hamar
18 hemezortzi (hamazortzi) 80 laurogei
19 hemeretzi 90 laurogeita hamar
 
101 ehun eta bat 600 seiehun
300 hirurehun 700 zazpiehun
400 laurehun 800 zortziehun
 
234 berrehun eta hogeita hamalau 567 bostehun eta hirurogeita zazpi
1.200 mila eta berrehun 1.201 mila berrehun eta bat
13.425 hamahiru mila laurehun eta hogeita bost
47.689 berrogeita zazpi mila seiehun eta laurogeita bederatzi

 

ETA, ZENBAKIAK EMATEAN ( eta)

 

AHOSKERA. Ehun eta bat zenbakian (eta gisakoetan) ez da beharrezkoa eta oso-osorik ahoskatzea; mintzairen arabera, [eta], [ta] edo [da] gisara ahoska daiteke. Gisa berean, 700etik gora edo 200etik gora edo 100etik gora idatzi behar da (*700dik gora, *200dik gora, *100dik gora), baina, esan/irakurri, [700etik gora / 700dik gora] esan daiteke. ( eta)

 

DEKLINABIDEA. Zenbakiek bi sistema erabil ditzakete deklinatzean: izen gisakoa eta izenordain gisakoa.

a) Izena denean (zenbakia izendatzeko erabiltzen da orduan hitz hori), bokalez nahiz kontsonantez bukatu, gainerako beste edozein sintagma bezala deklinatzen da. Hau hirua da, eta beste hori bosta. Zein hiruren eta zein bosten azpian pintatu behar dira marrak? Hiruek eta zazpiek kolore bera dute.

b) Izenordain baten funtzioa duenean ere (alegia, sintagma osoa zenbakiak bakarrik osatzen duenean) gainerako beste edozein sintagma bezala deklinatzen da. Arratsaldeko bostak dira. Gauerdiko hamabiak dira. Hogei pertsonak egin dute hori: atzoko zortzik eta gaurko hamabik.

 

Hiru eta lau zenbakien deklinabideak salbuespenak dira pluralean [8. araua]. ( lau (4) eta hiru (3) zenbakiak; orduak nola esan)

Arratsaldeko hiruretan, goizaldeko lauretan dira forma zuzenak (*hiruetan, *lauetan).

 

Baina hiru(r) eta lau(r) zenbakien analogiaz sortu diren *zazpirak, *zortzirak eta gisakoak ez dira egokiak euskara batuan, horiek bokalez bukaturiko izenak bezala deklinatzen baitira: seiak, seietan, seietatik, etab. Hiru etorri dira, eta hirurak (*hiruak) euskaldunak. Sei etorri dira, eta seiak (*seirak) euskaldunak.

 

ZIFRAK ETA DEKLINABIDEA. Zifraz idatzitako zenbaki kardinalei leku-denborazko kasu-marka eranstean, kontuan hartuko da:

a) zenbakia bokalez bukatzen den, kasu-marka zuzenean erantsiko baitzaio:

(mugatu singularrean) 2an (bian) / *2ean; 3tik (hirutik) / *3etik

(mugagabean) 2tan (bitan); 3tatik (hirutatik)

b) zenbakia kontsonantez bukatzen den, loturazko “e” bat beharko baitu:

(mugatu sing.) 1ean (batean) / *1an; 5era (bostera) / *5ra

(mugagabean) 5etan (bostetan) / *5tan

c) mugatu pluralean, bokalez zein kontsonantez bukatu, kasu-marka zuzenean erantsiko zaio: 2etan (bietan), 5etan (bostetan), 7etatik (zazpietatik/*zazpiretatik)

 

Hamaika zenbakiaren deklinabidean, hitzak -a berezkoa duenez, ez dagokio beste a-rik: 11n (*11an), hamaikan [*(h)amaikean]. Beste hainbeste gertatzen da 31, 51, 71, 91... zenbakietan.

 

Mila zenbakiaz baliatzen gara sarri kopuru handiak adierazteko, baina euskaraz bada beste biderik ere hori adierazteko: Mila bider esan nion lana garaiz amaitzeko / Hamaika bider / Hamaikatxotan / Makina bat bider... esan nion lana garaiz amaitzeko.

 

Bat zenbatzailearen deklinabidea. ( bat zenbatzailea)

 

ORTOTIPOGRAFIA

- PUNTUAREN ERABILERA. Joera nagusiaren arabera, milatik gorako zenbaki osoetan, digituak hirunaka multzokatuz eta puntuz bereiziz ematen dira (gogora dezagun, hala ere, nazioarteko arauek (ISO/IEC 80000; SI/ISO 31-0) berariaz diotela puntua ez erabiltzeko, hutsunea baizik. Euskaltzaindiak horretaz berariazko araurik hartu ez duenez, ezin okertzat hartu nazioarteko arauari jarraitzea, batez ere testu jaso eta zientifikoetan). Dena dela, lau zifrako zenbakietan, ohikoa da puntua ez jartzea (2978, eta ez 2.978). Zatiki hamartarrak, dezimalak, berriz, komaz bereiziz ematen dira.

15.756.552,1724 = 15[puntu]756[puntu]552[koma]1724

100 € = 16.638,6 pezeta = 16[puntu]638[koma]6[hutsunea]pezeta

 

Baina puntuz bereizi gabe idazten dira, digitu guztiak elkarrekin lotuta, tartean hutsunerik utzi gabe, kasu hauetan:

a) Milatik gorako urteak ematean (hemen ere, irakurtzean, hobestekoa da tradizioko eta emendiozkoa esatea):

2008ko iraila (*2.008ko iraila)

1945ean (*1.945ean)

2017an (*bi mila hamazazpian > bi mila ETA hamazazpian)

2004tik (*bi mila lautik > bi mila ETA lautik)

b) Etiketa edo kode modura jokatzen duten zenbait zenbaki-sailetan, hala nola identifikazio fiskalekoa, posta-kodekoa edota telefono-zenbakia:

3348 bulegoa

IFZ: 72554829F (NIF, (es) número de identificación fiscal / (fr) numero d´identité fiscale)

Posta-kodea: 48990

Telefonoa: 946012222 (nahiz eta, praktikan, malgutasunez jokatzen den: 901 749 980 / 901749980 / 05 59 28 15 56 / ...) ( telefono-zenbakiak nola eman)

 

- MARRATXOAREN ERABILERA. Zifraz idatzitako zenbaki kardinalak deklinatzean, ez da marrarik jarri behar zenbakiaren eta kasu-markaren artean, ezta zuriunerik utzi ere: urtarrilaren 2tik martxoaren 31ra (*2-tik, *31-ra; *2 tik, *31 ra). Esan 0tik 9ra arteko zenbaki bakoitiak. (Euskera, XVI, 1971). Berdin jokatzen da zenbakia ordinala denean. ( zenbaki ordinalak)

 

KOMUNZTADURA. Tradizio-ohiturak ez dira berdinak ( zenbatzaileak eta komunztadura), baina zenbatzailearen araberakoa da arau orokorra: bat baldin bada, singularrean da komunztadura: Ogi bat ekarri dut; bestela, pluralean: 10 urte ditu. Bi liburu erosi ditut. Zazpi azterketa izan dituzte astebetean.

 

Zenbait aditzen numero-komunztadura, hala ere, ez da arau normal horretara errenditzen beti. Esate baterako, NOR osagarririk gabeko aditzak; besteren artean, iraun. ( iraun)

 

ZIFRA HANDIAK NOLA IRAKURRI. Hau da ohitura nagusia:

1.200.000 milioi bat eta berrehun mila
1.687.513 milioi bat seiehun eta laurogeita zazpi mila bostehun eta hamahiru
2.700.000 bi milioi eta zazpiehun mila
60.200.001 hirurogei milioi berrehun mila eta bat
100.060.201 ehun milioi hirurogei mila berrehun eta bat

 

Gehiago jakiteko

EUSKALTZAINDIA (2002). Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna. Bilbo: Euskaltzaindia (86-90).

—(1991). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak I (EGLU I). Bilbo: Euskaltzaindia (130-138).

—(1999). "Zenbakien idazkera: 1.200.000", Jagonet galde-erantzunak.

—(1999). "Zenbakiak", Jagonet galde-erantzunak.

—(2002). "Orduak: 03:00etan, 04:00etan, 13:00etan", Jagonet galde-erantzunak.

—(2001). "Hamaika", Jagonet galde-erantzunak.

—(1998). "Zenbakidun sintagmen komunztadura", Jagonet galde-erantzunak.

—(2000). "Zenbatzailedun sintagmekin aditzak egin behar duen numero komunztaduraz", Jagonet galde-erantzunak.

—(1996). "Mugagabea eta aditza: singularrean ala pluralean?", Jagonet galde-erantzunak.

ZUBIMENDI, Joxe Ramon (2004). Ortotipografia. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (44).

ETXEBARRIA, Jose Ramon (2011). Zientzia eta Teknikako Euskara Arautzeko Gomendioak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza. (37-44).

PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (135).

ALBERDI, Andres (2014). Ahoskera. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (31).

MUJIKA, Alfontso (2015). "Nola jokatu zenbakiak digituz idaztean? Orain, kontrakarrean ari gara", 31 eskutik.

BERRIA (2006). Estilo-liburua. Donostia: Berria.

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper