Euskal hitz askoren osaeran ageri da x letra: xabiroi, xahutu, xalo, xarma, taxi, sexu, xehe, xede, brixt, xixt...; Xabier, Uxue, Manex...
Hitz horietan ageri duen balio neutroaz bestela, balio adierazkorra ere —hiztunaren egoeraren, sentimenduaren, ñabarduraren, balioespenaren... ukitua— adierazten du batzuetan, eta z dena x izatera eramaten du. Hala gertatzen da hauetan: axeri, bixi, bixigarri, gixon, goxo, koxka, moxkor, muxu, xahar, xentimo, xut... [EH; 17. araua]
MAILEGUEN IDAZKERA. Maileguetako x, normalean, jatorrizkoan bezala gordetzen da; bai hitz hasieran (xenofobia, xilofono, xilografia...), bai bokal artean (taxi, sexu...), bai amaieran (klimax, duplex...). Salbuespena kontsonante aurrekoa da: estradizio, esperientzia, testu, estra... (*extradizio, *experientzia, *textu, *extra...).
AHOSKERA [87. araua].Soinu sabaikaria du tradizioko euskal hitzetan eta mailegu zaharretan (edo integratuetan): axola, axuri, faxista, kexu, mexikar, pixa, pixka (bat), puxtarri, taxu, uxatu, xake, xarma, xaxatu, xede, xeke, xiita, xume... Manex, Moxolo, Uxue, Xabier...
Oro har, maileguetan dira salbuespenak. Hauek dira hobespenak ahoskera zaindurako:
- Maileguaren sorburuko <ks> ahoskera mantentzea hobesten da bokalartekoa edota hitz-amaierakoa denean: antrax, fax, hapax, klimax, lexiko, pixel, sexu, saxofoi, sintaxi, siux, taxi, taxonomia, toxiko, axioma, bauxita, hexagono, hexaedro, exorzismo, exodo, exotiko...
Lehenespenez, hobespen berak balio du euskarara egokituriko izen berezientzat ere: Saxonia [saksonia], Alexandro [aleksandro], Anaximandro [Anaksimandro], Mexiko [meksiko], Texas [teksas], Halifax [halifaks], Matrix [matriks]... Baina, gaur gaurkoz, ezin da zorrotz hartu kontua, eta ezin da gaitzetsi sabaiaurrekoa ere (euskal x-ren baliokoa): [saxonia], [mexiko]... Besterik da <konts. + -x> kontsonante-bilkura dagoenean, non sabaiaurrekoa (euskal x-ren baliokoa) lehenesten den: Xerxes [xerxes]...
Oharra: Ez da ahaztu behar, bestalde, euskaraz ere jatorrizkoan bezala idazten direnak jatorrizkoan bezala ahoskatzekoak direla.
Nolanahi ere, mailegu batzuek ez dute ahoskera hori sorburuan, euskal x baizik: klixe, afixa, enbaxadore, erlaxatu, kaxalote, bexamel, perrexil, xanpu...
- s letraren ahoskera dute hitzaren hasieran x letra duten grekotiko hitzek: <xenofobia, xenon, xerografia, xilofono, xilografia...> [senofobia, senon, serografia, silofono]. Baina ezin dira gaitzetsi euskal x-ren balioarekin emanda ere.
DEKLINABIDE-LOTURA. (Mat.) Bokalari dagokion lotura zor zaio, letraren izena ixa baita, ez ekis. *5x-etik (> 5x-tik). *x-ekin biderkatu (> x-rekin biderkatu).
EUSKALTZAINDIA. “Maileguak: gaztelaniazko hitzak x letra duenean”, Jagonet galde-erantzunak.