Benetako erabileran ez daude aski mugatuak bien arteko eremuak. Hala ere, nahiz batasunerako ez den ezer hobetsi edo arautu, modu zabalean adierazita, hau da erabilera nagusia: -raino ‘lekua’ adierazteko erabiltzen da (Donostiaraino joan behar dugu), eta arte, ‘denbora’ adierazteko (Bihar arte itxaron dezakegu).
Dena dela, ñabardura batzuk hartu behar dira kontuan:
• Badira -raino atzizkia daramaten denborazko adizlagun batzuk: gaurdaino (= gaur arte), egundaino (= egun arte), oraindaino (= orain arte); eta, aitzitik, lekuzko izen batzuekin, denborazko adiera nagusitu daiteke: Donostiara arte (= Donostiara iritsi arte). Dena den, mendebaldeko hizkera batzuetan -ra artek hartu duen tokia arauz kanpokoa da estandarrean: *Pagasarri(ra) arte joan gara gaur (> Pagasarriraino). *Kokotera arte nago zurekin (> kokoteraino).
Batzuetan, zentzuak bietarako aukera ematen du: Azken(era) arte ez zuen etsi / Azkeneraino ez zuen etsi.
• Bestetik, aditz ez-jokatuek bi moldeak hartzen dituzte, baina adiera-ezberdintasuna garbia da: -tu arte (‘noiz arte’; denbora): ezkondu [zen] arte, irabazi [zuen] arte; -tzeraino (‘zer neurritaraino’): dardarka hasteraino, loak hartzeraino. Erreparatu bi esaldion ezberdintasunari: Eskuak urratzeraino jardun du arraunean ≠ Eskuak urratu [dituen] arte jardun du arraunean.
DATEKIN ETA ORDUEKIN NOLA. Nahiz honetan ere batasunerako ez den ezer hobetsi edo arautu, denborazko erreferentzia izanik, arte moldearen alde egiten da. Hilabeteen izenekin, asteko egunekin eta mende hitzarekin, <Ø arte> moldea tradizioduna da eta Iparraldean aski erabilia (otsail arte, igande arte); Hegoaldean <-ra arte> (otsailera arte, igandera arte) eta <-a arte> moldea (otsaila arte, igandea arte) erabiltzen dira. Beti dira okerrak loturik emandakoak: *iganderarte, *menderarte, *urterarte...
Hainbatetan, dena den, orduekin-eta, mugatua —-a zein -ak— nahitaezkoa da: eguerdiko 12ak arte; hamabietatik ordu bata arte; Gabonak arte; lauretatik bostak arte; sanferminak arte; maiatzaren azken egunak arte...
Nolanahi ere, minutuekin, absolutiboan (NOR kasuan), <Ø arte> edo <-ra arte> egiturak dira erabiltzekoak: 12:05 arte, 12:05era arte [hamabiak eta bost arte / hamabiak eta bostera arte]; *12:05a arte [*hamabiak eta bosta arte]. 12:15 arte, 12:15era arte [hamabi(ak) eta laurden(ak) arte, hamabiak eta hamabost arte, hamabiak eta hamabostera arte; *12:15a arte].
Datekin eta orduekin arte postposizioak egiten duen funtzioa bitarte adberbioak ere egiten du hainbatetan; hura bezala moldatzen da: otsail/otsaila/otsailera bitarte(an); 2017/2017a/2017ra bitarte(an), lauretatik bostak bitartean [egon], etab.
ZENBAKIEKIN, -ra(ino) ala arte?
- Ez da berdin jokatzen zenbakiak helbide bat (tokia) edo data bat (denbora) adierazten duenean: Kale honetan, 9raino berritu dute zola (tokia; NORAINO). Uztailaren 9(ra) arte dugu epea (denbora; NOIZ ARTE).
- Zenbaki huts-hutsekin ari garenean sortzen dira zalantzak. Hauek dira aukerak:
a) Bukaerako muga bat aipatzean (iritsi, luzatu, joan, jarraitu, hedatu...), tokizko adiera nagusitzen da: Zenbatzen hasi eta 9ra(ino) iritsi da; gero, 15eraino jarraitu du.
Hala ere, zenbatu aditzarekin arte erabiltzen da ia erabat: Hamar arte zenbatu behar duzu.
b) Alde bietako mugak aipatzean, -tik eta -ra/-raino erabiltzen dira: Bostetik hogeira(ino) joan da, gelditu gabe.
c) Izenlagunetan, arteko edo bitarteko erabiltzen da, -tik eta -ra atzizkiak erantsita: Esan 0tik 9ra (bit)arteko zenbaki bakoitiak. Ederki ikasi ditu 9ra arteko zenbakiak. Ez da gomendagarria ‘0 eta 9 arteko’ moldea (▼Esan 0 eta 9 arteko zenbakiak). Ez da egokia adizlagun moduan ematea: *Esan zenbakiak 0tik 9ra (> Esan 0tik 9ra (bit)arteko zenbakiak).
Esanak esan, komeni da gogoratzea arte postposizioak badituela denboraz aparteko adierak ere: Denon artean egin dugu. Auto(en) artera joan da baloia. Eta denborazko menderagailu ere izan daitekeela: Azken orduko poetak agertu (zaizkigun) arte. [EH]
EUSKALTZAINDIA (1993). Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna. Bilbo: Euskaltzaindia (476-478).
—(1991). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak I (EGLU I). Bilbo: Euskaltzaindia (267).
—(2011). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak VII (EGLU VII). Bilbo: Euskaltzaindia (111).
— “Denbora adieraztea: arte (etzi arte / etzira arte; ostiral arte / ostirala arte / ostiralera arte)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Lekua/denbora adieraztea: -raino/arte ”, Jagonet galde-erantzunak.
PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (177-179).
EHUko Euskara Zerbitzua (2013). "arte, -ra arte", Ehulkuren aholku guztiak.