Izen bereziak aztertzen dituen jakintza da. Onomastika-kontuen gaineko kontsultak egin nahi izanez gero, bilaketa azkar eta erosoena Euskal Onomastikaren Datutegian (EODA) egin daiteke (http://www.euskaltzaindia.eus/onomastika). Lau motatako kontsulta-sarrerak daude bertan: Pertsona-izenak (edo ponte-izenak), Deiturak, Toponimia (leku-izenak) eta Exonomastika (Euskal Herritik kanpoko leku-izenak).
Onomastika osoa —eta toponimia bereziki— beregaina da, hizkuntza arruntaren sistematik kanpo dago; bere arau morfologiko eta sintaktiko bereziak ditu, eta ez dira nahasten literatura-hizkuntzarekin. Horretara, bada, palatalizazioaz eta h letraz euskara estandarrerako hartutako erabakiak, esaterako, ez dira bere hartan eta berez onomastikan aplikatzekoak (kasuz kasu aztertu behar da bakoitza). Oinarrizko irizpide horrek argitzen ditu, konparazio baterako, bikoiztasun hauek: oihartzun izen arrunta, baina Oiartzun (Oihartzun) toponimiako izen berezia; harri, baina Arrigorriaga (Harrigorriaga)...; edota herri-izenak eta deituren grafiako ohiturak parean ez etortzea beti, izan ere, batzuen eta besteen bilakaera historikoa ez da askotan berdina izan: Iurre, Iantzi/Ihantzi/Igantzi, Oñate... (deiturak); Igorre, Igantzi, Oñati... (toponimia)
EUSKALTZAINDIA. “Toponimia: Arriarte”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Onomastika: herri-izena eta deitura”, Jagonet galde-erantzunak.
SARASOLA, Ibon (1997). Euskara batuaren ajeak. Irun: Alberdania (74).