Bi dokumentu hauetan oinarritzen dira hemen esanak: Euskaltzaindiaren Letra larrien erabilera euskaraz izeneko 1990-XI-30eko gomendioan (Euskera 35, 85.-87. or. (1991,1)) eta Hezkuntza Saileko EIMAren estilo-liburuko Letra larriak erabiltzeko irizpideak liburukian (75.-79. or.). Horien arabera, ez dira letra larriz ematekoak:
1. Urtaroen, hilabeteen eta astegunen izenak: uda, negua, urtarrila, otsaila, igandea, larunbata, ramadana, brumarioa...
2. Kargu ofizial eta akademikoen izenak eta noblezia-tituluak; eta lanbideak eta arteak: euskaltzaina, zuzendaria, idazkaria, ministroa, bizkondea, kondea, aita santua, dalai-lama, erregea, alkatea, euskara-teknikaria, euskara-normalizatzailea...
3. Lanbideak, arteak eta zientziak: arotzeria, iturgintza, musika, pintura, arkitektura, traumatologia, arkeologia, aljebra...
4. Herri-, etnia-, herritar- eta hizkuntza-izenak: azteka, hunoa, tutsia, aimara, etruskoa, europarra, donibandarra...
5. Familia, leinu eta dinastien izenak: agirretarrak, borboiak... ; . Baina: Agirre familia, Felipe Borboikoa.
6. Pertsona-izenetatik eratorritakoak: aristotelismoa, leninismoa, karlista, marxista...
7. Diruen izenak: euroa, dolarra, lira, libera esterlina...
8. Arteetako eta literaturako genero, estilo eta joera eta konposizio-moten izenak: adagioa, jazza, epikoa, bertsoa, fandangoa, gotikoa, poesia epikoa, flamenkoa, erromantizismoa, kubismoa... Baina letra larriz aldi historikoa bada: XVIII. mendera arte iraun zuen Barrokoak.
9. Musikako noten izenak: do, re, mi, sol minor...
10. Erlijioen izenak, haien jarraitzaileen izenak eta termino ideologikoak: kristautasuna, budismoa, katolikoa, protestantea, aberria, euskara, zibilizazioa, aitagurea, kredoa...
11. Herrietako festak: sanferminak, sanjoanak...
12. Puntu kardinalak eta Lurreko eta zeruko gainerako irudizko puntu eta lerroak, atmosfera-geruzak eta haizeen izenak: iparra, hegoa, ekuatorea, meridianoa, ipar poloa , Asiako hegoaldea, litosfera, ionosfera, mendebala, hego-haizea, tramontana... Baina toponimo baten edo errealitate historiko edo geopolitiko baten zati direnean, larriz: Hego Amerika, Ekialde Hurbila.
13. Leku- edo pertsona-izenen ondoan, atributu gisa edo haien ordez, erabiltzen diren ezizen deskriptiboak: hiri betierekoa [Erroma]; argiaren hiria [Paris]; kontinente zaharra [Europa]; planeta gorria [Marte]; Lizartzako itsua [Kaxiano soinu-jotzailea]; Urepeleko artzaina [Xalbador]... Baina: Sagar Handia [New York].
14. Sigla bat osatzeko erabiltzen diren izen arruntak, sigla letra larriz idazten bada ere balio erantsiaren gaineko zerga (BEZ), sozietate anonimoa (SA).
:15. Hezkuntza-zikloen izen generikoa: batxilergoa, lehen zikloa... Baina izen berezia denean, larriz: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza.
16. Ekonomian edo politikan bereizten diren sektoreak eta klaseak: lehen sektorea, zerbitzuen sektorea, sektore pribatua, burgesia, langileria...
17. Mahats-motak, eta koktelak eta antzeko edariak: cabernet sauvignon, chardonnay, hondarribi zuri...; kuba libre, manhattan, errioxa, rueda...
18. Konposatu kimikoak, aleazioak eta mineralak: karbono dioxidoa, polibinil kloruroa, konstantana, brontzea, migmatita...
19. Farmakoen izen generikoak (botiken izen komertzialak bai, ordea): ibuprofenoa, parazetamola, doxazosina... Baina Orfidal, Oxodal...
20. Letra larriz idazten diren hitzetatik eratorritako hitzak (-kide, -zale atzizkiekin gertatzen da —-(t)ar atzizkiarekin gertatzen den bezala: agirretar, usurbildar...—): etakidea, uzeikidea, elhuyarkidea, realzalea, athleticzalea, baskoniazalea, oriozalea (arraunlarien jarraitzailea adierazteko)... Baina leku-izena denean, bereiz idatzirik: Orio zalea, Lekeitio zalea.