2. artikulua.— Definizioak
Lege honetan aurreikusitako ondorioetarako, honako hitz hauek jarraian adierazi bezala ulertuko dira:
2. Genero-adierazpena: pertsona bakoitzak bere genero-identitatea komunikatzeko edo adierazteko duen modua, estetikaren, hizkeraren, portaeraren, jarreren edo bestelako adierazpenen bidez, eta bat etor daiteke edo ez jaiotza-sexuaren arabera sozialki esleitutako generoarekin lotuta daudenekin.
[…]
4. artikulua.— Printzipio gidariak eta aitortutako eskubideak
1. Lege hau printzipio gidari eta eskubide aitortu hauetan oinarritzen da, eta printzipio eta eskubide horiek eraenduko dute haren aplikazio-eremuan dauden pertsona fisiko edo juridikoen, publiko zein pribatuen, jarduna:
e) Aukera-berdintasuna: pertsona orok eskubidea du bere duintasunerako eta bere nortasunaren garapen askerako ezinbestekoak diren eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalak asetzeko. Ondorio horietarako, Kanarietako botere publikoek:
3) Kanarietako komunikabide publiko eta pribatu guztiek genero-identitateen eta -adierazpenen berdintasun-printzipioa betetzen dutela zainduko dute; segurtatuko dute ezen titulartasun publikoko komunikabideen ekoizpena eta antolaketa pluralista eta ez-diskriminatzailea izango dela, genero-identitateari eta -adierazpenari eta ezaugarri sexualei dagokienez, eta, bereziki, bermatuko dute ezen hizkuntzaren erabilera ez-sexista izango dela, eta tratamendu duina, errespetuzkoa eta egiazkoa emango dela eurek trans identitateei buruz eta pertsona intersexualei buruz erabiltzen dituzten eduki eta irudietan, bereziki informazio-zerbitzuen eremuan.
54. artikulua.— Kode deontologikoak
Kanarietako Autonomia Erkidegoak zainduko du titulartasun autonomikoko komunikabideek eta Kanarietako Administrazioaren dirulaguntzak edo funts publikoak hartzen dituztenek, autorregulazioaren bidez, kode deontologikoak har ditzatela, zeinek jasoko baitituzte berdintasunarekiko errespetua, eta genero-identitatean edo -adierazpenean edo dibertsitate sexualean oinarritutako diskriminazioaren debekua, bai informazioaren eta publizitatearen edukietan, bai erabilitako hizkeran. Xedapen horrek bitarteko guztiei eragingo die, informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriek bultzatutakoei barne.