‘Ez bakarrik’ du baliokidea, eta ere hitza behar du eskuineko perpausean (“...ez ezik... ere...” da esapidea). Bere izena ez ezik, familia guztiarena ere lohitzen ari zen. Ezkontzak, biziera ez ezik, bizilekua ere aldarazi zion.
Tradizio laburragoa badute ere, baliokideak ditu ez eze (Eta jantziak ez eze, gosari on bat ere eman zion gaixoari) eta ez ezen (Oihenartenak ez ezen, oso gureak direla ere) emendiozko esapideak. [EH]
‘EZ EZIK’ EZEZKO ESALDIETAN. Euskaltzaindiak arautu gabeko kontua da. Alde handiz, baiezko esaldietan erabiltzen da normalean ez ezik, baina tradizioan badira ezezko erabileraren zuzentasunaren aldeko lekukoak ere. Hona hemen bi, biak Koldo Mitxelenarenak: Izango duten ala ez, ordea, ezin dezaket esan, ez bainaiz, profeta ez ezik, ezta igarlea ere. Zimenduetan ez ezik, ez zen paretetan artesiturik ageri.
Euskaltzaindiaren Hiztegian, ez ezik forma baino ez dator. Erabili, ordea, bi moldeak erabili dira tradizioan (ez ezik, ezezik), baina idazkera bereizia (ez ezik) askoz gehiago, eta horixe aukeratu da baturako.
Zuzena da ez ezik ezezko esaldietan ere erabiltzea, tradizioan testigantza gutxi dagoen arren. Zimenduetan ez ezik, ez zen paretetan artesiturik ageri.
EUSKALTZAINDIA (1994). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak IV (EGLU IV). Bilbo: Euskaltzaindia (89).
— “Emendioa adieraztea: ez ezik (ikusleek ez ezik, jokalariek ere ez)”, Jagonet galde-erantzunak.
ALBERDI, Xabier, SARASOLA, Ibon (2001). Euskal estilo libururantz. Bilbo: UPV/EHU (59-61).