- Beste hitza, batzuetan, izenordaina da, eta, orduan, ez du mugatzailerik behar; mugagabean hartzen ditu kasu-markak (bestek, besteri, besteren...): Ikusi behar bestek zer dioen. Esaten dena besteri entzuna dela adierazten dute. Orain ere bestetan bezala portatu da. Salbuespen bat du: ez da erabiltzen kasu absolutiboan —NOR kasuan—: *Beste etor dadila (> Beste bat etor dadila).
Mendebaldean, inor izenordaina baliatzen da normalean funtzio horretarako. Heuk egin nahi ez dun eta besteri/inori agindu behar al dion? Erraza da besteren/inoren etxea gobernatzea.
- Gehienetan, ordea, determinatzailea da beste, eta izen bati edo izenordain bati laguntzen dio; horietan, determinatzaileren bat du izen-sintagmak, mugatzailea nahiz zenbatzailea. Beste auto bat erosi nahi dut. Beste nori esan behar diozu hori?
Izenik gabe ere erabiltzen da; alegia, dagokion izena ezabaturik: beste (emakume)ek... > besteek; beste (emakume) batzuek... > beste batzuek... Ikusi behar besteek / beste batzuek zer dioten.
Era berean, bestalde, batzuk zenbatzaileari kontrajarrita ere ager daiteke: bat(zuk)... bestea(k) : Batzuk oinez etorri dira; besteak bizikletaz. Batzuek hau esan dute, besteek beste hau.
KALKO DESEGOKIAK
- Desegokia da ez bereiztea determinatzaile mugatzailea (besteA(K)) eta zenbatzaile zehaztugabea (beste BAT(ZUK)). Artikuluduna erabiltzen bada, ‘beste guztia(k)’ ematen da aditzera; bat edo batzuk erabiltzen bada, berriz, adierazia ez dela zehaztua esan nahi da:
Animaliek beste lekuetara aldatu behar izaten dute (leku ezagunak dira nolabait horko leku horiek) ≠ Animaliek beste leku batzuetara aldatu behar izaten dute.
Gero beste liburua ekarriko dizut (solaskideentzat ezaguna da beste liburu hori) ≠ Gero beste liburu bat ekarriko dizut.
Lizarran egon ondoren, beste herrietara eramango dute erakusketa (herri ezagunak dira, edo herri guztiak dira) ≠ Lizarran egon ondoren, beste herri batzuetara eramango dute erakusketa.
- Desegokia da ‘beste egunean’ esatea baldin lehengo/aurreko egunean edo lehengo/aurreko egun batean esan nahi bada. Hauek dira aukera egokiak: Lehengoan, ez zinen etorri. / Lehengo egunean, ez zinen etorri. / Aurrekoan, ez zinen etorri. / Aurreko egunean, ez zinen etorri. / Joan den egunean, ez zinen etorri. / Joan zen egunean, ez zinen etorri. / Orain hurrena, ez zinen etorri. / Orain hurrengoan, ez zinen etorri (*Beste egunean ez zinen etorri).
- Desegokiak dira honelakoak ere, horietan euskararen egitura <beste... bat> baita: *Beste gola sartu digute (> Beste gol bat sartu digute). *Beste gauza ere esan zuen (> Beste gauza bat ere esan zuen).
- Orobat da desegokia, zenbaitetan, beste bat esan ordez berri bat esatea: *Falta berri bat adierazi du arbitroak (> Beste falta bat adierazi du arbitroak).
EUSKALTZAINDIA (1991). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak I (EGLU I). Bilbo: Euskaltzaindia (60-61).
—(2002). Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna. Bilbo: Euskaltzaindia (66-67).
— “Lexikoa: beste (bestek / besteek / beste batzuek)”, Jagonet galde-erantzunak.
EHUko Euskara Institutua (2012). Sareko Euskal Gramatika. (SEG).