Sarri, (es) ‘por su parte’ eta (fr) ‘pour sa part’ eta ‘de son côté’ esapideen kalko gisara erabiltzeko arriskua dago. Euskarazko tradizioan, ordea, bere aldetik esapideak ez du diskurtso-markatzaile baliorik: ‘bere kasa’ edo antzeko zerbait adierazten du, ez besterik.
Bakoitza bere aldetik dabil, bizi-alargun dabiltza. Filologia eta hizkuntzalaritza zein bere aldetik abiatu ziren. Arrazoimenak nahi luke agindu, baina piztikeriak bere aldetik jotzen du.
Perpausaren arabera, diskurtso-markatzaile gisa, bere aldetik baino egokiagoak dira, besteak beste, berriz, alderantziz eta ostera aurkaritzako juntagailuak edota bestalde eta bestetik moduko lokailuren bat.
1. Amaia Agirrek nabarmendu zuen negoziatzeko prest daudela. ?Joseba Labakak, bere aldetik, fruituaren metafora erabili zuen patronalaren egoera irudikatzeko (> (...) Joseba Labakak, berriz, (...)).
2. (...) Emakumezkoek, ?bere aldetik, hil honen 16an eta 17an neurtuko dituzte indarrak Santiagon (> (...), bestalde, (...)).
EHUko Euskara Institutua (2012). "-ren aldetik (testu-antolatzailea)", Kalkoen Behatokia.