NONGO, NOIZKO, NORAKO eta ZERTAKO kasuak izenlagunak nahiz adizlagunak izan daitezke, testuinguruaren arabera. Eta galdetzaile horiei erantzuten dieten atzizki-markek bitasun hori berekin dute.
Bitasun horren agerkari dira hemen beheko adibideak: bietako adibideak ikusten dira —‘-ko’-dunak ekialdeko euskalkietan batez ere, eta ‘-rako’-dunak mendebaldean maizago—, eta biak dira zuzenak:
Bilboko autobusa / Bilborako autobusa
mendiko botak / mendirako botak
etxeko lanak / etxerako lanak
laneko botak / lanerako botak
baserriko bidea / baserrirako bidea
elizako liburua / elizarako liburua
Arrateko igoera / Arraterako igoera
Osasun publikoko udal-zentroa / Osasun publikorako udal-zentroa
Euskaltzaindiak ez du gai honi buruzko araurik eman, baina jakingarria da, ohiko erabileran, Bilboko autobusa, mendiko botak, etxeko lanak eta gisakoak —-ra- gabeak, alegia— direla tradizio handienekoak.
EUSKALTZAINDIA (1993). Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna. Bilbo: Euskaltzaindia (166-172, 494-498).
—(1991). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak I (EGLU I). Bilbo: Euskaltzaindia (249-261).
— “Lexikoa: -ko/-rako, izen eta adjektiboekin (osasun publikoko/publikorako, sustapeneko/sustapenerako zuzendaritza)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Denbora/lekua adieraztea: -ko, -rako (Bilboko/Bilborako autobusa; bostetako/bostetarako)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Helburua/lekua adieraztea: -rako/-ko (etxeko lanak / etxerako lanak, Bilboko autobusa / Bilborako autobusa, mendiko botak / mendirako botak)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Espazioa adieraztea: igoera (Urbasako, Etzegarateko, Urkiolako, Arrateko... igoera)”, Jagonet galde-erantzunak.
MAKATZAGA, Jesus Mari (2014). "Hizkuntza-ingeniaritzaz ohartxo bat (-rentzakoa?)", 31 eskutik.