Forma baliokideak eta zuzenak dira hirurak, eta hirurak euskara batukotzat ematen dira (Euskera, 1979, 631.-632. or.). Kontu bertsua gertatzen da horretaz gainera / horrezaz gainera / horretaz (guztiaz) gainera formekin ere.
Komeni da argi uztea, ordea, horrez forma ontzat ematen dela honez gain(era) eta horrez gain(era) moduko erabileretarako bakarrik. Alegia, lokailu (= perpausen gainetiko lotura-elementu) denerako bakarrik: Berezko sena zuen jendea ezagutzeko, eta, horrez gain (= gainera), bihotz zabala. Horrez gain(era), leize handi bat dago zuen eta gure artean. Ez da zuzena erakusle modura erabiltzeko: *Etxe horrez mintzatu gara (> etxe horretaz, etxe horrezaz).
Hemen esaten dena berdin-berdin aplikatzekoa da lehen mailakoez (honez, honezaz, honetaz) eta hirugarren gradukoez (harez, harzaz, hartaz). Eta orobat da aplikatzekoa pluraleko formetan ere.
EUSKALTZAINDIA. “Emendioa adieraztea: horrez gain, horrezaz gain, horretaz gain”, Jagonet galde-erantzunak.