Euskara Batuaren Eskuliburua

(-)bete

(-)bete

Iraupena adierazten dute denbora-izen bati -bete erantsiz osaturiko hitzek: ordubete, astebete, hilabete, urtebete. Sistemaren ohitura hori izanik ere, ordua baino denbora laburragoa adierazten duten denbora-unitateetan ez da erabiltzen: *minutubete eta *segundobete ez dira erabiltzen.

 

Bestalde, hitz horiei ez zaie zenbatzailerik jarri behar (*astebete bat), -betek berekin du-eta bat esanahia. Salbuespena da hilabete ( hile > hil/hilabete). Hizkera batzuetan, hil erabili ordez hilabete erabiltzen da aldi oro (heldu den hilabetean = datorren hilean), eta, ondorioz, hil hitzak hartzen duen gisan hartzen du hilabetek ere bat zenbatzailea: Hilabete egon naiz gaixorik. Hil(abete) bat egon naiz eri.

 

Beste neurri batzuetan, hitzari itsatsi gabe doa bete (salbuespenak dira besabete, hazbete eta gizabete): esku bete intxaur, eskua bete lanperna, eskuak bete hauts, katilu bete esne, kolkoa bete diru, metro beteko olatuak, arra beteko uretan ito, aho betean kantatu, begiak bete lo egin, baso bat bete ardo, ontzi bat bete ur... Molde horretakoetan, neurri-hitza (esku, katilu, kolko...), eman berri ditugun adibideetan ikus daitekeenez, mugagabean, mugatu singularrean, mugatu pluralean eta aurrean bat zenbatzailea duela erabili izan da tradizioan. [OEH]

 

Gehiago jakiteko

EUSKALTZAINDIA. “Denbora adieraztea: ordubete, astebete, urtebete (*ordubete bat / *hiru astebete / *hiru urtebete)”, Jagonet galde-erantzunak.

PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (140-141).

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper