1. Euskara batuan forma hobetsiak San, Santu eta Santa dira (San Simon, Espiritu Santua, Santa Elisabet), baina, tradizioa duten santu-izenetan, Done eta Dona erabiltzea zilegi da (Done Eztebe, Dona Garazi, Jondoni), baita Santidun santu-izenak ere (Santi Kurutz, Santi Mami). Nahiz 125. arauak deun hitza ez erabiltzeko esaten zuen, harrezkerokoa den Euskaltzaindiaren Hiztegiak onartu egin du, g.g.er. markarekin bada ere (Martin deunaren baseliza); hala ere, desegokiak dira Mikel Deuna (> Mikel deuna) eta Telmo Deun (> Telmo deuna) moldeak. Ez da zuzena Santo erabiltzea Sanen lekuan (Santo Domingo, Santo Tomas > San Domingo, San Tomas).
2. Kristoren ama aipatzeko, forma hauek onartzen dira, tokiaren arabera: Andre Maria, Andra Maria, Andredena Maria eta Andre Dona Maria.
3. Herri edo auzoetako jaiak adierazteko, sanferminak, santakatalinak, sanprudentzioak... dira forma egokiak, betiere letra xehez emanda eta pluralean deklinatuta (*San Ferminak, *Sanferminetan / *San Ferminetan).
4. Idazkerari dagokionez, santu jakin bati dagokionean, letra larriz idatziko dira San, Santu, Santa, Done, Andre... hitzak (San Martin, Begoñako Andra Maria..., *san Martin). Izen arruntak direnean, letra xehez: Frantzisko Xabierkoa santu handia izan zen. Liburuak santa horren mirariak kontatzen ditu; baita adjektiboak direnean ere: Gurutze santua. [125. araua]
EUSKALTZAINDIA. “Onomastika: San Tomas; sanjoanak, sanferminak, santakatalinak”, Jagonet galde-erantzunak.
MUJIKA, Alfontso (2008). Letra larriak erabiltzeko irizpideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (39).