Komun hitza, guztiek edo gehienek batera dutena edo guztiei edo gehienei dagokiena adierazten duenean, izenondoa da. Adibidez: Euskara komun hura. Euskaldunek jadanik badute hizkera komun bat. Oinarri komunak behar dira horretarako; faktore komuna, multiplo komun txikiena.
NOLA galderari erantzuteko ere erabiltzen da, adberbio gisa, komun izan/ukan moduan. Adib.: Hitz asko aurki daitezke, bi hizkuntzok komun dituztenak. Gauza guztiak zituzten komun. [EH]
Erdarazko (es) ‘en común’ / (fr) ‘en commun’ lokuzioak euskaratzeko:
• ez da <komunean + izan, jarri, hartu...> egitura erabiltzen.
• Hauek dira modu egokiak:
- <komun izan> egituraz gainera (Zer dute komun bizkaitarrek eta zuberotarrek?)
- amankomunean adizlaguna ere badago (Amankomunean egindako lana)
- testuinguruaren arabera, bestela adierazten dira arazorik gabe era horretako lokuzioak (elkarrekin egindako lana, guztion artean egindako lana...): zerbait komunean izan/egin (> zerbait elkarrekin izan/egin).
EUSKALTZAINDIA. “Lexikoa: komun, amankomun, erkide (tresna komunetan / amankomunetan / erkideetan)”, Jagonet galde-erantzunak.
SARASOLA, Ibon (1997). Euskara batuaren ajeak. Irun: Alberdania (26-27).