Euskaltzaindiak ez du horretaz araurik eman, baina testu espezializatuetan bereizketa nahiko sistematikoa egiten da: “kantitate jarraituak” eta “kantitate diskretuak” daude. Magnitude zenbakaitzak (kantitate jarraituak) neurtu egin daitezke, baina ezin dira zenbatu; eta neurketaren emaitza kantitatea da. Hori gertatzen da gai, material eta gisakoekin: ardo-kantitatea (*ardo-kopurua), oxigeno-kantitatea (*oxigeno-kopurua), argi-kantitatea (*argi-kopurua)...
Dena dela, ardo-kopurua egokia da baldin eta ardo hitzaren bidez baso bat ardo, baxoerdi adierazi nahi bada, orduan zenbakarria baita. Era berean, argi-kopurua egokia da baldin eta argi hitzaren bidez argi-puntu edo lanpara adierazi nahi bada, orduan zenbakarria baita.
Magnitude zenbakarriak (kantitate diskretuak), berriz, zenbatu egiten dira (bi, bost, hainbat...) baina ez dira neurtzen, eta zenbaketaren emaitza kopurua da. Okerren kopurua, sagarren kopurua, bidaide-kopurua, letren kopurua...
ETXEBARRIA, Jose Ramon (2011). Zientzia eta Teknikako Euskara Arautzeko Gomendioak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (37, 82-86).
MUJIKA, Alfontso, PETRIRENA, Patxi (2010). “Kopuruak eta kantitateak”, 2tzul Itzultzaileen Irizpen Biltegia.