(Euskal herritarren eta herritar-izenen berri izateko, jo sarrera honetara:
).178. arauak du landua kanpoko herritar-izenen gaia («Kanpoko leku-izenei dagozkien herritar-izenak eta jatorri-adjektiboak sortzeko irizpideak. Euskaltzaindiaren gomendioa»).
Bi bide ditu euskarak, leku-izenetik abiatuta, herritar-izenak eta izenlagun erreferentzialak sortzeko: eratorpena eta mailegatzea.
• Eratorpena da prozedurarik emankorrena eta erabiliena: -ar atzizkia eranstea leku-izenari alemaniar, bearnotar, espainiar, frantziar, irandar, madrildar, paristar, portugaldar... Ez dira zuzenak era honetakoak: *belgiar (belgikar), *europear (europar), *egipziar (egiptoar)... . Gai honen inguruan, oinarrizkoa da 38. araua ere («Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak»).
. Adibidez:• Mailegatzea ere ezinbestekoa gertatzen da. Ez da horren baliatua, baina badira maileguzko herritar-izen batzuk oso ezagunak eta erabiliak, eta hiztegietan agertzen dira. Adibidez: aleman, bretoi, espainol, frantses, gaskoi, katalan, portuges...
Mailegatzea herritar-izen edo jatorri-adjektibo konposatuen kasuan erabiltzen da sarri, nazioartekoak baitira moldeak gehienetan. Honela moldatzen dira: afro-, albano-, germano-, austro-, dano-, erruso-...; hau da, ezkerreko osagaia -o letraz amaitua. Adibideak: afro-asiar, albano-kosovar, anglo-alemaniar, austro-brasildar, dano-suediar, hispano-arabiar, franko-alemaniar... Emakume afro-asiar bati eman diote saria. Gure amonetako bat anglo-alemaniarra zen. Futbolari italo-argentinarrak. Izen bizidunei laguntzen dietenean moldatzen dira horrela.
Marratxoz idaztekoak dira, gainerako koordinazio-elkarteak bezala (seme-alabak, zuri-gorria...). Baina bada salbuespenik: leku-izen konposatu batetik eratorria denean, loturik idazten da. Adibidez: Hispanoamerika, Latinoamerika eta Eurasia leku-izenetatik, hispanoamerikar, latinoamerikar eta eurasiar eratortzen dira (eta ez hispano-amerikar, latino-amerikar eta euro-asiar). Bestalde, indoeuropar ere salbuespena da, loturik idazten baita.
Izen bizidunei ez dagokienean, ez dago zertan moldaturik adjektibo konposatuen erara. Euskarak baditu beste bide batzuk: (fr) ‘L´axe franco-allemand’, (es) ‘El eje franco-alemán’ > Frantzia-Alemania ardatza edo Frantziaren eta Alemaniaren arteko ardatza. (fr) ‘La frontière austro-italienne’, (es) ‘La frontera austro-italiana’ > Austria-Italia muga edo Austriaren eta Italiaren arteko muga. (fr) ‘Guerre austro-prusienne’, (es) ‘Guerra austro-prusiana’ > Austria-Prusia gerra / Austriaren eta Prusiaren arteko gerra. Molde berean eratuak ditugu honako hauek ere: Bilbo-Behobia autobidea / Bilboren eta Behobiaren arteko autobidea.
Honelakoetan, hala ere, leku-izenetan, batzuetan beharrezkoak dira adjektibo konposatuak: Anglo-normandiar uharteak, Sudan Anglo-egiptoarra.
Izena abstraktua denean, edo adjektibo-izaera gailentzen denean, egokiak dira jatorri-adjektibo konposatuak. Halakoetan, NOLAKO izaera NONGO izaerari nagusitzen zaio: tradizio judu-kristaua, borroka greko-erromatarra, musika afro-brasildarra...