111. araua hartu behar da kontuan, «Izen sintagmen arteko juntadura dela eta».
1. Kasu-marka bera dakarten sintagmak beti junta daitezke:
Bilboko jokalariek eta Bermeoko arraunlariek batzarra egin dute.
Zuri, niri eta beste askori gertatu zaigu.
2. Pertsona-izenordainak elkartzen direnean, denek eraman behar dute kasu-marka:
Niri, zuri eta beste lagunei gertatu zaigu (*ni, zu eta beste lagunei gertatu zaigu).
Gutaz eta zuetaz mintzo dira (*gu eta zuetaz mintzo dira).
3. Singularreko sintagma denean, gomendatzen da kasu-markadun sintagmak juntatzea, ez izenak soilik:
Itsasoan eta lehorrean bizi dira narrastiak.
Eskuz eta palaz jokatzen du.
Juntatzen diren izenak oso ‘hurbil’ekoak direnean, hala ere, edo izenlagunaz nahiz izenondoaz lagundurik doazenean, kasu-marka amaieran bakarrik ezar daiteke:
{Gorputz eta arima}tik atera den oihua.
{Bere emazte eta alaba}ri galdetu zien.
Izen bereziak juntatzen direnean, bi aukerak dira onak:
Pelloz eta Maddiz mintzatu zara.
{Pantxika eta Urko}ri kantatu diet.
4. Pluraleko sintagmetan, aukeran dago kasu-sintagmak juntatzea edo izenak juntatzea:
Itsaso(etan), mendi(etan) eta basamortuetan ibili da.
5. Juntaduran, isil daitezke zenbatzaile zehaztugabeak (hainbat, asko...), baina ez zenbatzaile zehaztuak:
Hainbat sagar eta (hainbat) udare.
Sagar bat eta udare bat (*sagar eta udare bat).
6. Singularreko komunztadura normala da izen abstraktuak juntatzen direnean
:Hori egiteko, kemena eta adorea behar da/dira.
EUSKALTZAINDIA. “Onomastika: juntadura (Leire eta Enekok / Leirek eta Enekok)”, Jagonet galde-erantzunak.
PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (27-29).