JAGONET zerbitzuko galde-erantzunetako hau hitzez hitz ekarri dugu hona:
Galdera: 1. Euskaltzaindiaren 25. arauan, "Loturik idaztekoak diren hitz elkartuak" atalean, d) puntuan aipatzen dira bigarren osagaia -dun, -gin, -gile, -zain, -zale... duten elkarteak; eta e) puntuan, berriz, bigarren osagaia -aldi, -buru, -gizon, -(g)une... duten elkarteak. Baina aipatutako -gin, -gile, -zain, -(g)une... horiek ez al dira atzizkiak? Atzizkiak baldin badira, hitz eratorrien osagaiak izango dira, ez hitz elkartuenak. Horrela bada, nolatan aztertzen dira hitz-elkarketari dagokion atalean? Zein da horren arrazoia? Nonbait irakurri ere egin dut horietako batzuei erdi-atzizki izena ere ematen zaiela. Zergatik erdi hori?
Erantzuna: 1. Egia da askotan atzizkitzat hartu direla d) puntuan ageri direnak eta, horrenbestez, ez luketela agertu beharko hitz elkartuei buruzko arauan. Baina Hitz-Elkarketa/4 liburuan egindako sailkapenean du oinarria erabaki horrek; izan ere, -gin, -gile eta abarrek badute elkarte sintetikoen egitura (hau da, lehen osagaia objektu zuzentzat har daiteke). Horrexegatik aztertu ziren horiek guztiak "Elkarte sintetikoak" atalean, Hitz-Elkarketa/3 liburuan. Bestetik, e) puntukoei dagokienez, euskal gramatikak begiratu baino ez dago gramatikari batzuek hitz elkartuen artean aztertu dituztela ikusteko, eta beste batzuek, berriz, atzizkien artean. Villasantek berak, Palabras vascas compuestas y derivadas liburuan, behin baino gehiagotan esaten du "se emplea también como vocablo independiente...", "empleado como sufijo o segundo elemento de composición..." eta abar. Argi dago, beraz, horiek hitz elkartutzat zein eratorritzat har daitezkeela. Inguruko hizkuntzetan ere badira horrelakoak (ikuspegi teorikotik aztertu nituen neure tesian, Hitz elkartuak euskaraz liburuan argitaratutakoan).