Bi hitzetan idazten da hitz egin, hala idazten baitira normalean egin, eragin, eman eta harturekin osatzen diren aditz-elkarteak. Beraz, alde egin, huts egin, lo egin, min egin... dira forma zuzenak (salbuespenak: galdegin, jaregin; eta hauek gaizki daude: *aldegin, *hutsegin, *hotsegin...); eta lo eragin; lo hartu; lur eman (salbuespenak: antzeman, atzeman, hauteman, hitzeman, oharteman). [25. araua; EH]
Euskara hitz egin ala euskaraZ hitz egin?
Tradizio idatzian askoz ohikoagoa da ‘euskaraZ hitz egin / mintzatu / berba egin’ egitura (NOLA, ZERTAZ kasuak) absolutiboan (ZER kasua) emaniko ‘euskara hitz egin’ baino. Eta izenondo bat duenean, inesiboa (NON kasua) erabiltzen da (euskara ederrean mintzatu, euskara goxoan...).
Beste aditz batzuekin (jakin, ikasi, irakatsi...) maizago gertatzen da absolutiboa (ZER) erabiltzea (euskara ikasi/irakatsi).
EUSKALTZAINDIA. “Aditzaren jokabidea: hitz egin (euskaraz hitz egin / euskara hitz egin)”, Jagonet galde-erantzunak.