DESBERDINTASUNA. Izan daitezke sinonimo; hala ere, bi erabilera bereizten dira Euskal Herrian: hiztun batzuek ez dute hilabete (*hila bete) baizik erabiltzen (Iparraldean, adibidez). Beste batzuek desberdindu egiten dituzte: hil (urtea banatzen den hamabi zatietako bakoitza: Hilen izenak. Neguko hiletan. Maiatzeko hila. Hilaren bostean etorriko da...) eta hilabete (denbora hedaduratzat harturik, 30 eguneko-edo denbora bitartea): Hilabetean egon naiz Grezian (= hilabete osoan). Hamar hilabeteren buruan. Lau hilabeteko haurdun nago. [EH]
BAT ZENBATZAILEA. -bete daramaten beste hitzek (astebete, urtebete...) ez bezala, bat zenbatzailearekin ere erabiltzen da hilabete ; . Hizkera batzuetan hil/hilabetehitzak baliokide direnez, ez da harritzekoa bat eta guzti ematea esapidea: Hilabete egon naiz gaixorik. Hil(abete) bat egon naiz eri.
HILEN IZENAK. Euskararen batasunerako, 1971n onartu zituen Euskaltzaindiak, eta hauek dira: urtarrila, otsaila, martxoa, apirila, maiatza, ekaina, uztaila, abuztua, iraila, urria, azaroa eta abendua. Bukaerako -a hori artikulua dute, eta leku-denborazko kasuetan galdu egiten dute (*urtarrilan > urtarrilean; *iraila honetan > irail honetan). [EH]
IDAZKERA. Hilen izenak letra xehez idazten dira perpausaren barruan (abuztuaren 6a / *Abuztuaren 6a).
KASU-MARKA. Hilen izenak mugatuan erabili izan dira tradizioan: martxoan, abuztuan...
EUSKALTZAINDIA (1971). “Hilabeteen izenen batasuna”, Euskera XVI, 1971: 103-107.
— “Lexikoa: hil eta hilabete”, Jagonet galde-erantzunak.
PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (141).