• Euskal Herriko herritar-izenak eta jatorri-adjektiboak osatzeko, -ar atzizkia erabiltzen da, hainbat aldaerarekin (-ar, -tar, -dar, -oztar).
;Euskal herrialdeetako herritarren izenak 57. arauan daude jasorik. Herrialde bakoitzekoak, udalez udal, arau hauetan daude: Zuberoakoak, 92. eta 99. arauetan; Lapurdikoak, 108. arauan; Nafarroa Beherekoak, 112. eta 128. arauetan; Gipuzkoakoak, 140. arauan; Bizkaikoak, 145. arauan; Arabakoak, 150. arauan, eta Nafarroakoak, 155. arauan. Euskaltzaindiaren Hiztegiak ere jasotzen ditu herritar-izen horiek denak. Horiek kontsultatzeko biderik eroso eta lasterrena, dena den, Euskaltzaindiaren Euskal Onomastikaren Datutegira (EODA) jotzea da: http://www.euskaltzaindia.eus/onomastika.
• -ar atzizki horixe bera erabiltzen da munduko herritarren izenak emateko ere [38. araua, «Munduko herritarren izenak»]: europar, asiar, eurasiar, afrikar, amerikar, ozeaniar, alemaniar, espainiar, frantziar, madrildar, paristar... Baina ez da molde bakarra.
a) Badira maileguz hartu eta -ar gabe osaturiko bestelako jende-izenak ere: katalan (desegokia da *katalandar), ingeles (*ingalaterratar, *englandar) , aleman (*alemandar), bretoi, espainol, portuges, berbere, kurdu...
b) Badira bi (edo hiru) forma egoki dituztenak ere: frantses/frantziar , aleman/alemaniar/germaniar, portuges/portugaldar, turko/turkiar, greko/greziar , espainiar/espainol...
Jatorria adierazten duten adjektiboak (-ar atzizkiaz osaturikoez bestelakoak, haiek ezkerrean baitoaz) izenaren ondoren jarri ohi dira, izenondo gisa: gazte berbereak/kurduak; agintari turkoak/grekoak; idazle katalanak/galegoak... Beste batzuk, berriz, ezkerrean zein eskuinean joan daitezke: ingeles telebista / telebista ingelesa; aleman armada / armada alemana; portuges literatura / literatura portugesa; frantses literatura / literatura frantsesa...
c) Badira herritar-izen edo jatorri-adjektibo konposatuak ere. Batzuk nazioartekoak dira, eta egoki da euskaraz ere berdin baliatzea: Emakume afro-asiar bati eman diote saria. Iheslari albano-kosovarrak. Gure amonetako bat anglo-alemaniarra zen. Erdi Aroko zientzialari arabo-musulmanak. Futbolari italo-argentinarrak. Salbuespenak: leku-izen konposatu batetik eratorria denean, loturik idazten da. Adibidez, Hispanoamerika, Latinoamerika eta Eurasia leku-izenetatik, hispanoamerikar, latinoamerikar eta eurasiar eratortzen dira (eta ez hispano-amerikar, latino-amerikar eta euro-asiar). Bestalde, indoeuropar ere salbuespena da, loturik idazten baita. [178. araua]
• Jatorri-adjektiboak osatzeko, -ar atzizkiak arazoak sortzen ditu batzuetan :
- Erdal gentilizioen kutsaduraz, euskal eratorpenarekin bat ez datozen formak erabiltzean, esate baterako (*europear > europar, *belgiar > belgikar...).
- Lekuari erreferentzia egiten dioten moldeetan erabiltzean; adibidez, *eibartar kaleak eta *bizkaitar herria modukoak osatzean. Horietan euskarazko adierazpide zuzenak Eibarko kaleak eta Bizkaiko herria dira.
|
Okerrak | Zuzenak |
---|---|
katalandar | katalan |
ingalaterratar | ingeles |
alemandar | aleman, alemaniar, germaniar |
belgiar | belgikar |
europear | europar |