Bi adiera jasotzen ditu Euskaltzaindiaren Hiztegiak:
1 Adibideei sarrera ematen dien antolatzailearena: Etxepareren hizkera euskalaririk gehienek ukitu dute, hala nola Stempf-ek, Schuchardt-ek eta, inork baino barrenkiago, René Lafonek. Eskaini zizkioten gauzarik preziatuenak, hala nola urrea, intsentsua eta mirra.
2 (Ipar. markarekin) Bezala eta era berean partikulen balioarena (dagokion hitz edo esaldiaren ezkerrean): Jauregiko eskailerak berrituak izan dira, hala nola zureriaren bertze zati asko. Hala nola suaren bazka baita olioa, gisa berean alferkeriarena da gaztetasuna. [EH]
Bi moldeetan, estilo-liburu gehienen iritziz, ez da komarik jarri ohi nolaren ondoren.
PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (32-33).