Euskaltzaindiaren Hiztegiak zehaztasun handiz ematen du hitz bakoitzaren kategoria gramatikala: iz. (izena), ad. (aditza), adj. (adjektiboa), etab.
Kontuan hartzekoa da, ordea, euskarak erraztasun handia duela kategoriak aldatzeko. Testuinguruaren arabera, zernahi denak bere ‘lehen’ kategoria laga eta bestelako funtzio bat aise bete dezake. Hona hemen, esate baterako, horren agerkari, izenondoarekin sarrien gertatzen diren kategoria-aldaketak:
a) Adjektiboa adberbio bihurtzea: Erantzun zuzenak nahi ditut. (adjektiboa) / Ez duzu zuzen erantzun. (adberbioa)
b) Adjektiboa, izen: Ur beroa ezinbesteko gertatzen zaigu etxeetan. (adjektiboa) / Beroak ez dit lo egiten uzten. (izena) / Negu hotza aurtengoa! (adjektiboa) / 1956ko neguaren hotza! (izena)
c) Izena, adjektibo: Gero eta asto gutxiago dago baserrietan. (izena) / Pertsona asto samarrak ezagutzen ditut nik. (adjektiboa)
d) Aditza, adjektibo: Askotan joan izan gara mendira. (aditza) / Denbora joanak desiratzen dira askotan. (adjektiboa)