Izenlagunak sortzen dituzte nagusiki (-garrik izenak ere bai) eta aditzoinaren gainean eratzen dira biak (baikor, ezkor, orokor, berankor salbuespenak dira, ez baitaude aditzaren gainean eratuta).
-garrik bi balio izan ditu tradizioan:
§ Eragilea (aktiboa edo arazlea): barregarri (barre eragiten duena), mingarri (min ematen duena), pozgarri (poz ematen duena), aberasgarri (aberatsarazten duena), aspergarri, harrigarri, higuingarri, mingarri, nazkagarri, negargarri, penagarri, beldurgarri, onuragarri, kaltegarri, murrizgarri, etab.
§ Pasiboa, aldi berean bi ñabardura izan ditzakeena: a) ‘merezi duena’: ikusgarri, jakingarri, miresgarri, maitagarri, aipagarri, gogoangarri...; b) ‘daitekeena’ (‘izan daitekeena’): ulergarri, barkagarri, baztergarri, jasangarri, zenbakarri...
Bi balioetan, lehena, eragilea, izan da nagusia; baina bigarrenak gero eta erabilera handiagoa du, bigarren horixe baita azken urteotan erdarazko -ble atzizkia adierazteko ordainik erabiliena.
-kor atzizkiak ‘joera, erraztasuna’ adierazten du eta beraren ezkerretara doan izena beti subjektu jasailea da (ekintza jasaten duena), ez eragilea: eguraldi aldakor (eguraldia erraz aldatzen da), partikula higikor (partikula erraz higitzen da), beira/edalontzi hauskor (beira erraz hausten da), pertsona haserrekor (erraz haserretzen da), animalia hilkor (erraz hiltzen da), entzule sineskor, krisi iraunkor...
-kor atzizkia ez da egokia agente edo eragile modura erabiltzeko (hori -garri atzizkiari (edo -tzaileri) dagokie). Honako hauetan, beraz, bigarren moldeak dira egokiak: *bilera erabakior / bilera erabakigarri; *substantzia hilkor / substantzia hilgarri; *erabaki onurakor / erabaki onuragarri; *gramatika araukor / gramatika arauemaile, arautzaile; *giro erasokor / giro erasotzaile; *arau murrizkor / arau murrizgarri...
Atzizki bien (-garri, -kor) balioak kontuan harturik, bistakoak dira oposizioak:
albiste bihotz-hausgarria / zorion hauskorra
azalpen ulergarria / pertsona ulerkorra
pozoi hilgarria / izaki hilkorra
gezur sinesgarria / jende sineskorra
EUSKALTZAINDIA (1994). LEF batzordea, “Eratorpenaz: -garri / -kor”, Euskera 39, 3: 1047-1049.
— “Nolakotasuna adieraztea: -garri/-kor (hausgarri/hauskor)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Nolakotasuna adieraztea: -garri, (lur eraikigarri)”, Jagonet galde-erantzunak.
ALBERDI, Xabier, SARASOLA, Ibon (2001). Euskal estilol. Bilbo: UPV/EHU (246-251).