FORMA. Galdera-marka esapidea da estandarrerako moldea.
GALDERA-MARKA ETA PUNTUA. Galdera-markek <?> —harridura-markek <!> eta etenpuntuek <...> bezala—, beren grafismoan bertan, badute bukaeran puntua. Horregatik, esaldi osoari badagozkio, ez da idazten beste puntu bat halako marken segidan.
Gerta liteke, ordea, galdera- eta harridura-marka esaldiaren parte baino ez izatea. Orduan, esaldi osoaren segidan josi behar dira markak: “Ez dakizula?; atzo kontatu nizun eta!: non ote duzu zuk burua?”, “Zer egin dezaket nik orain?, galdetzen nion neure buruari”. Gerta liteke, orobat, galdera edo harridura laburrak izatea; orduan, enuntziatu bat balira bezala ematearren, aski da koma edo puntu eta koma jartzea: “Noiz iritsi zinen?, zer ordutan?, ama zain zeneukan?”.
GARZIA, Juan (2014). Puntuazioa egoki erabiltzeko gida: oinarriak, jarraibideak eta aholkuak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (35).