Letra hau c letraren aldaera da. Ez da erabiltzen ohiko euskal hitzak idazteko, eta ez da euskal alfabetoko letra (c, q, v, w eta y, berriz, bai), baina beharrezkoa da kanpoko izen berezi eta hitz batzuk idazteko (frantsesezkoak, katalanezkoak, okzitanierazkoak, portugesezkoak...). Honela idazten dira, esate baterako, honako izen hauek: Alençon, Besançon, Curaçao..., curaçao. [17. araua]
Sarri ageri da, nolanahi ere, antzinako euskal testuetan, orduko grafien moldera aldian aldiko baliokideak (z, tz...) erabiliz. Adibidez: XVI. mendeko Milia Lasturkoaren eresian ageri diren çauria, lur oça, doçu grafien ordezkoak zauria, lur hotza, dozu dira. Edota XVII. mendeko Axularren Geron ageri diren çatçaizquit, çait, çutçaz grafien ordezkoak zatzaizkit, zait, zutzaz dira.
EUSKALTZAINDIA. “Ortografia: ç (c hautsia)”, Jagonet galde-erantzunak.