Mugagabean ematekoa da bihurtu (eta berdin bilakatu) aditzaren predikatu osagarri den izena: ura ardo bihurtu (*ura ardoa bihurtu); eguna gau bihurtu (*eguna gaua bihurtu); topiko bihurtu (*topikoa bihurtu); igel (*igel batean bihurtu) bihurtu zen mutikoa...
Zenbaitetan, hala ere, determinatzailea behar izaten du, berekin baldin badarama izenondo, izenlagun, perpaus erlatibo edo halako osagarriren bat: emakumerik azkarrenA bihurtu zen; buztin-kolorekoAK bihurtu ziren...; Olinpiar Jokoetako gure ordezkariA bihurtu da urlia; ornament ederrenetarik BAT bihurtu zen; baina artikulua ez da beti ezinbesteko: gizon eder(a) bihurtu, bihotz sendoko emakume(a) bihurtu...
Beti da desegokia, kalko desegokia baita, era horretakoak inesiboan (-n) ematea: Emakumerik ederrena (*ederrenean) bihurtu zen. Ura ardo bihurtu zuen (*ardoan, *ardotan). Arazo (*arazoan) bihurtu zaigu. Herriko izar(ra) (*izarrean) bihurtu zen txapelketa irabaztean... Euskal moldean ez da ZERTAN bihurtu, baizik ZER bihurtu. [EH; 40. araua]
EUSKALTZAINDIA. “Aditzaren jokabidea: bihurtu (emakume ederra bihurtu / *eder bat bihurtu)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Aditzaren jokabidea: bihurtu (emakume eder bihurtu / emakume ederra bihurtu)”, Jagonet galde-erantzunak.
PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (118).
BERRIA (2006). Estilo-liburua. Donostia: Berria (205).