Berandu eta gero bi gauza dira: beranduk atzerapena adierazten du, goiz eta sasoiz hitzen kontrakoa (Jon berandu heldu da); gerok ‘beste zerbaiten ondoren’ adierazten du (ez du inolako zerikusirik puntualitatearekin edo garaiz ibiltzearekin; segida kronologiko hutsa adierazten du): ‘lehenengo..., gero..., geroago’ da sekuentzia (Zu iritsi zara lehenengo, eta ni gero).
Gauzak ez dira hain zorrotz hartzekoak, ordea, beranduago eta geroago direnean, beranduago izatea geroago izatea ere bada eta. Orotariko Euskal Hiztegiaren arabera, beranduagok bi adierak ditu. Batetik, atzerapenarena (beranduagorena, alegia): Berandu afaltzen du beti, hamaikak aldera; sarritan beranduago ere bai. Eguzkiak kemen gutxiago edukitzeaz gainera, bere irteera beranduago eta sarrera goizago egiten zituen. Bestetik, segidarena (geroagorena, alegia): Sartzen dena goizago edo beranduago lohitua geratuko da. Berantago Jainkoak manatu zion Abrahami har zezala Isaak. Ba ote zen, ordea, orduan eta puska bat beranduago, frankista ez zen Diputaziorik? [EH]