IDAZKERA. Bait- partikula, kasu guztietan, aditzari atxikia idatzi behar da, jokamolde horixe izan baita nagusi mendeetako tradizio idatzian: bainaiz, baikara, baitoaz, etab., eta ez *bai(t) naiz, *bai(t) gara, *bai(t) doaz, etab. [2. araua, «Baitu, baikara, bainaiz»]
AHOSKERA. Bait- partikulaz osatutako uztartzeak idatzi bezala ahoskatu behar dira: bainaiz, baikara, baitoa, baihoa...
BAIT- ≠ -(e)LAKO
BAILITZ, BAILITZAN, BAILIRAN...
BAIT-erlatiboak. Ipar-ekialdeko idazleek baliatzen dute bereziki molde hau; ahozko moldean ere erabiltzen da. BAIT-erlatibo deitzen zaie, zeren menderagailua bait- aurrizkia baizik ez baitute (eta horretan bereizten dira ZEIN-erlatiboetatik, haiek zein... bait-/-(e)n bikoiztasun-moldean eratzen direnak baitira) . Gramatikariak ez dira BAIT-erlatiboak bultzatzearen aldekoak, zenbaitetan nahasgarriak gertatzen baitira, eta, bestalde, ZEIN-erlatiboekin berdin-berdin molda litezke horrelakoak.
Karrikan Pello ikusi dut, Beñaten anaia baita (= zeina Beñaten anaia baita).
Hau da ene kaliza, ene odolarena, isuriko baita zuengatik (= zeina isuriko baita zuengatik).
Otsagabian badago iturri bat deitzen baita botikarioaren iturria (... zeina deitzen baita).
EUSKALTZAINDIA (1999). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak V (EGLU V). Bilbo: Euskaltzaindia (240-247).