1. Atzerriko izenak euskarazko grafiara ekarriak izan badira, euskararen arauak betez ahoskatzen dira (alegia, euskal hitzak balira bezala): Andaluzia, Bartzelona, Belgika ([g], alegia], Bordele, Egipto ([g], alegia), Florentzia, Valentzia, Zipre... ;
Horien artean badira beste alfabeto batzuetatik (zirilikotik, adibidez) moldatuak ere; esate baterako, Jalta edo Sarajevo. Horiek ere euskal moldera ahoskatu behar dira: [Yalta] eta [Sarayebo] . Zalantzarik izanez gero, egokiena 158. araura jotzea da.
2. Euskaraz jatorrizko hizkuntzan bezala idazten diren izen bereziak —lekuak, pertsonak, erakundeak, markak...— jatorrizkoan bezala (ahalik eta gertuen) ahoskatzekoak dira ahoskera zainduan. Gaztelaniazko Jaén, Algeciras, Ciudad Real, Juan eta abar, gaztelaniaz bezala ahoskatzekoak dira; frantsesezko Avignon, Racine, François, Jacques eta abar, frantsesez bezala; ingelesezko James, Francis, George, Nicholas, Cambridge, Botswana, Google eta abar, ingelesez bezala; italierazko Da Vinci, Perugia, Pirandello, Venezia eta abar, italieraz bezala. Eta beste horrenbeste gainerako hizkuntzekin. [158 eta 184. arauak]
Oharra: 158. arauaren arabera, Zaragoza, Zamora eta Ceuta izenak bai gaztelaniaren moldera [Ɵ], bai euskararen moldera [z] ahoska daitezke.
Berdin jokatzen da hitz arrunt mailegatu berriekin ere. Izen arruntek, iritsi berritan behintzat, jatorrizko grafia atxikitzen dute, hau da, mailegu irentsigabeak izaten dira. Haietako batzuk, denboraren poderioz, grafia-aldaketaren bat jasota etxekotzen dira, hala nola errugbi (jatorrizkoa: rugby), kanpin (jatorrizkoa: camping) edo marketin (jatorrizkoa: marketing); beste asko, ordea, eta gero eta gehiago, jatorrizko grafiari eutsita hiztegiratzen dira; adibidez, yuppie, chichewa, sandwich, gruyere, collage, hockey, quark, cowboy, copyright, dvandva, geisha, chantilly, chow-chow... Arestian esan den moduan, izen bereziak bezala moldatzen dira azken orduko hitz mailegatu horiek: hau da, gomendatzen da jatorrizkoan duten ahoskera kontuan hartzea ahoskera zainduan. ; ; ; ; ;