Zentzu hitzak ez du norabide edo noranzko hitzekin zerikusirik euskaraz . Zentzua du, buztana bezain laburra. Zure hitzek ez dute zentzurik. [EH]
Sarritan, desegoki erabiltzen da, kalkoz, testu-antolatzaile gisa erdarazko bi esapide hauen gisakoetan, ondorioztapenezko edota emendiozko zentzua eman nahian:
- (es) ‘en ese sentido’; (fr) ‘en ce sens’; ‘de la sorte’: ?zentzu horretan (> hori dela eta, horren haritik, ildo horretan, orobat...) ?Zentzu horretan mintzatu da alkatea aste honetan (> Ildo horretan mintzatu da alkatea aste honetan). ?Zentzu horretan, hiru dira helburuak (> Alde horretatik / Horri dagokionez, hiru dira helburuak).
- (es) ‘en cierto sentido’; (fr) ‘dans un certain sens’; ‘dans une certaine mesure’): ?zentzu batean (> nolabait, alderen batetik, alderdi batzuetatik...) ?Zentzu batean, zoriontsu izateko sortzen duzu artea (> Nolabait, zoriontsu izateko sortzen duzu artea).