Zenbatzaile kardinalei -na atzizkia erantsiz lortzen dira banatzaile edo distributiboak (eta zenbana? galderari erantzuten diote): bana, bina, bosna (borzna), hamarna, hamabosna (hamaborzna), ehuna, ehun eta seina, berrehun eta hamaseina, mila bana, launa mila, bosna milioi... (*batna, *bostna, *milana, *lau milana, *bost miliona...). Adibideak: Milioi bana (*miloina) egokitu zaie loterian. Bosna mila (*bost milana) euroko bermea ordainduta irten ziren kalera.
Iparraldeko tradizioan, zenbakia bokalez bukatzen denean -na gabe -ra erabiltzen da: bira (baina hiruna, launa), seira, zazpira, zortzira, bederatzira, etab. Euskaltzaindiak ez du erabilera hori gaitzesten. [18. araua]
Arestiko adibideetan ikus daitekeenez, mila eta milioi zenbatzaileek ezin dute itsatsirik eraman -na banatzailea, eta bana ezartzen zaie ondoan: mila bana, bina mila... [EH]
Ez zaio hori gertatzen ehun zenbatzaileari: ehuna (‘bakoitzari ehun’) da erabiltzekoa, eta eredu berari jarraitzen diote ehun osagaia duten gainerako zenbatzaileek ere: berrehuna, bostehuna..., bostehuna mila... [EH]
Bina banatzailea izenaren aurretik zein atzetik eman daiteke: bina maleta / maleta bina.
Zenbakia konplexua denean, -na atzizkiaren ordez, bakoitza izenordaina erabiltzera jotzen da normalean: 15.452 euro egokitu zaizkio biztanle bakoitzari. Konplexutasunik ez dagoenean, gauza bera dira bana hartu eta bakoitzak bat hartu (bakoitzak bana alferrikako erredundantzia da).
Banatzaile hauetatik aditzondoak sortzen dira: banaka, binaka... . Bada bi kantitateren arteko erlazioa adierazten duen -ko atzizkia ere .
KOMUNZTADURA
Banak singularreko komunztadura du (Liburu bana erosi dugu (*ditugu)). Hortik gorakoek, tradizioan bestelakorik ageri bada ere, pluralean egiten dute komunztadura: Launa kilo gatz eman dizkigute. Bosna ontza urre hartu zituzten. Bosna mila euro eman zizkien.
Banatzaileek aurrekaria plurala behar dute: *Nik liburu bana erosi dut (> Guk liburu bana erosi dugu). *Auto banatan etorri da (> Auto banatan etorri dira). *Opari bana ekarri dizut (dizuet).
Ez dira egokiak era honetako esaldiak ere, banatzaileak ez direnez: *Disko eta liburu bana erosi ditu Mikelek, *Disko eta liburu bana erosi du Mikelek (> Disko bat eta liburu bat erosi ditu Mikelek).
EUSKALTZAINDIA (1993). Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna. Bilbo: Euskaltzaindia (103-104).
—(1991). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak I (EGLU I). Bilbo: Euskaltzaindia (137-139).
— “Kuantifikazioa adieraztea: -na/bana (bosna mila / bost mila bana / bost bana mila)”, Jagonet galde-erantzunak.
PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (133-135).
EHUko Euskara Zerbitzua (2012). "Zenbaki banatzaileak: bana, bina, hiruna...", Ehulkuren aholku guztiak.