DEFINIZIOA. Ekintzak eragileren bat duela adierazten dute aditz arazleek. Bi modutara eratzen dira: dagokion aditzoinari -arazi erantsiz (geldiarazi) edo eragin aditzaren bidez (barre eragin) [EH (arazle sarrera)]. Bakoitzak bere erabilera du.
FORMA. Tradizioan, -arazi formaz gainera, -erazi, -erazo, -arazo aldaerak ere ageri dira. Euskara baturako, -arazi hobetsi da: harrarazi, hilarazi, jokarazi... Salbuespen bakarra adierazi da. Aditzoinaren forma -araz (*aratz) da (harraraz, ikusaraz...).
Arau hauetara jokatu behar da forma eratzeko [23. araua]:
1) Aditz arazleak eratzeko, -arazi aldaera gomendatzen du Euskaltzaindiak, salbuespen bakarra adierazi delarik.
2) Aurreko aditzoinari lotua idatziko da beti -arazi: harrarazi, erorarazi, iraunarazi, hilarazi, betearazi, galarazi, geldiarazi, ezagutarazi, nabarmenarazi, haserrearazi, ihardetsarazi, inarrosarazi.
3) -araziren aurreko aditza a bokalaz amaitzen baldin bada, a biekin bat egingo da: aldarazi, benedikarazi, jokarazi, koordinarazi, obligarazi, sozializarazi.
Izan zen zalantza aditz jakin batzuekin —erdiko -t- beharrezkoa ote zuten ala ez—, baina kontua erabakita dago: -t- gabekoak dira baturako formak —agerrarazi (agertarazi), sorrarazi (sortarazi), ezkonarazi (ezkontarazi)...—, nahiz salbuespenik ere baden —ulertarazi, ohartarazi, urtarazi eta agintarazi—. Hiztegiz finkatzekoak dira, hortaz, batzuk.
Badira erdian -t- bat duten aditz gehiago ere: ezagutarazi, botarazi, gezurtarazi, tristarazi, jostarazi, gertarazi..., baina halakoetan dagoen -t- hori ez da loturakoa, aditzoinarena berarena baizik (ezagut-, bota, gezurta-, trista-, gerta-...).
Euskaltzaindiaren Hiztegia erabilera-datuetan oinarritzen denez, gerta liteke aditz batzuen forma arazleak ez agertzea han, erabilera urria izan dutelako. Hauenak, adibidez, ez dira ageri: aberetu, abertzaletu, adiskidetu, agurtu, ainguratu, aireratu, aldarrikatu, alienatu, anestesiatu... Zentzuzkoena —hiztegiak inoiz kontrakorik esaten ez badu behintzat— horiei ere arau nagusia aplikatzea da: aberearazi, abertzalearazi, adiskidearazi, agurrarazi, aingurarazi, airerarazi, aldarrikarazi, alienarazi, anestesiarazi...
Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arabera aditzoina bi modutan eman daitekeen kasuetan, -tu/-du gabea hartzen da -arazi eransteko: garbi(tu) > garbiarazi (*garbituarazi); berri(tu) > berriarazi (*berrituarazi). [28. araua; EH]
ERREGIMENA. Orokorrean, oinarri-aditza da erregimenekoa denean, -arazi eranstean, du erregimena hartzen du (Isildu da Mikel / Norbaitek isilarazi du Mikel; Erabat nekatu naiz / Erabat nekarazi naute); eta du erakoa denean, dio erregimena (Egia esan du Mikelek / Norbaitek egia esanarazi dio Mikeli; Liburua irakurri dut / Liburua irakurrarazi didate). [43. araua]
Ohartarazi aditza salbuespena da.
GEHIEGIZKO ERABILERA. Batzuetan, premiarik gabe erabiltzen da -arazi, haren bidez adierazten dena ez baita ‘aditzak adierazten duenera behartu’, baizik eta ‘aditzak adierazten duena’ besterik ez. Halakoetan, egokiagoa da -arazi gabeko aditza erabiltzea. Adibidez: ?Hidrogenoa karbonoarekin elkartzen da hidrokarburoak sorrarazteko (> sortzeko). ?Planetek argirik sorrarazten ez duten arren... (> sortzen). ?Ikasleek erantzundakoan, irakasleak “kausa-ondorioaren” egitura agerraraziko die (> agertuko). Beste hauek egoki daude: Biluzik agerrarazi zuten (‘agertzera behartu’). Gure euskalkiak funtsean bat egiten dituena agerrarazi beharra dago (‘erakutsi’).
Dena dela, mugako marra non dagoen ez dago beti argi: Egoera berri horrek dinamika indartsu bat sorrarazi du Iparraldean. Tratuan lehorra eta zakarra izanik antipatia sorrarazten duena da antipatikoa. [EH]
EUSKALTZAINDIA (1987). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak II (EGLU II). Bilbo: Euskaltzaindia (60-64).
— “Aditzaren jokabidea: -arazi (sorrarazi/*sortarazi; agerrarazi /*agertarazi)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Lexikoa: gizonarazi/*gizonduarazi”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Lexikoa: ahaztu/ahatzarazi”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Aditzaren jokabidea: aditzoina eta subjuntiboa (-araz/-arazi) ”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Aditzaren jokabidea: eragin, -arazi ”, Jagonet galde-erantzunak.
PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (199-201).